Azken urte honetan, hilabetez hilabete Israelek palestinarren egoera larriagotu baino ez du egin eta 50.000 pertsona inguru erail ditu, horietatik 16.000 baino gehiago adin txikikoak izanik. Pasa den urteko hilaren 28an Bilboko kalean elkartasunez bete ziren, Israelen genozidioa salatzeko eta herri palestinarraren erresistentzia eskubidea aldarrikatzeko. Aurtengoa, beraz, ez da gutxiago izango, eta urriaren 5ean, 12:00etan Jesusen Bihotzetik, mobilizazio nazionala deitu du Palestinarekin Elkartasuna Plataformak. Ibilbidean zehar estatu sionistaren hainbat instituziok daukaten konplizitatea salatzeko zenbait seinalamendu egingo direla aipatu du Plataformak.
Mobilizazio eguna indartzeko eta dei egiteko, aurreko egunetan hainbat protesta eta ekimen antolatu dira Euskal Herriko zenbait tokitan, eta urriaren 3tik 4ra 24 orduko Elkartasun Baraualdia egingo da Iruñean, Sakanan, Gasteizen, Donostian eta Bilbon. “Egun osoko egitarauen bitartez Israelen eta bere konplizeen desnormalizazioa borrokatu nahi dugu eta salaketa hau maila sozialean zabaltzeko izango da”, seinalatu du Palestinarekin Elkartasuna Plataformak. Toki bakoitzak egitarau propioa du hainbat ekintzekin: solasaldiak, koplak, kontzertuak, irratsaioa, tailerrak, akanpada eta dokumentalen proiekzioak, besteak beste. Bilbokoa 19:00etan Areatzako Tinglatuetan hasiko da elkartasun argazki batekin. Hortik aurrera hainbat ekintza egingo dira.
Azken asteetan, gainera, Israelek erasoak areagotu eta palestinarren kontra egiteaz aparte, Libano ere erasotu du. “Inbasioek erakusten dute Israel estatu genozida eta terrorista bat dela eta ezin da egon soluziorik zeinetan Israelek parte hartzen duen”, azpimarratu du Palestinarekin Elkartasuna Plataformak. Argi utzi du, batetik, Palestinan eta inguruko herrialdeetan borrokan eta erresistentzian ari diren herriak babesten dituztela, eta bestetik, Israelen desegitea aldarrikatzen dutela soluzio gisa.