Sortzaileen borrokan umorea eta ironia baliatuz

uriola.eus 2024ko urr. 4a, 15:55

Urriaren 19an, Bizkaiko Emakume Sortzaileen III. Topaketak ospatuko dituzte Euskalduna Jauregian. Zelako Kultur Ideiak kooperatibak egun osoko egitaraua prestatu du Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, eta aurreko bi edizioek bere omenduak izan dituzten moduan, aurten Kristina Mardaras izango da omenaldia jasoko duena.

Kulturaren sektorean genero berdintasuna sustatzea eta lurraldeko emakume artista eta sortzaileen talentua eta sormena agerian jartzea helburu du ekimen honek. Arte diziplina guztietako emakume sortzaileak elkartzea ahalbidetzen du, eta topaketak espazio bat eskaintzen du esperientziak eta ezagutzak partekatu eta haien artean sinergiak sortzeko. “Jaia bada, baina hausnarketa egiteko tokia, ikerketa, elkartzea, eskutik heltzea, elkarrekin sortzea, eta elkarri laguntzea ere bada”, azpimarratu du Itxaso Payak, Zelako Kultur Ideiak elkarteko kideak.

Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak jarduera honek duen garrantzia azpimarratu du: “Bizkaian emakumeen sormena ikustarazteko, hazten laguntzeko eta talentu itzela aitortzeko eta balioesteko sekulako aukera ematen du BESTek. Foro hau sormen horren erakusleiho bat baino askoz geihago da”.

Sormena ere sare sozialetako zenbait eduki berezitan ere aurkitu daiteke: “Asko gustatzen zaigu umorearen eta ironiaren bitartez borrokatzea”, adierazi du Itxaso Payak, eta uste du horiek baliatuz urrunago irits daitezkeela: “Dena ez da hitzetan geratu behar”.

Antolatzaileek egun osoko egitaraua antolatu dute.  10:00etan emango zaio hasiera hirugarren edizioari Leire Palacios kazetariak dinamizatuko duen lehen mahai-inguruarekin. “Txanponaren bi aldeak: kultura eta kudeaketa” du izena eta kultur arloan kudeaketa lanetan diharduten emakumeak bilduko dira bertan.

Bigarren mahai-ingurua 12:00etan hasiko da, Leire Palaciosen eskutik,  "Txanpon baten truke" lelopean, emakume sortzaileek dituzten plazak zenbat diren eta nolakoak diren aztertuko dute. Bertan, egongo dira Toti Martinez de Lezea idazlea, Aranzazu Calleja musikari eta konpositorea, Eva Guerrero koreografo eta interpretea eta Onintza Enbeita bertsolari eta kazetaria.

Arratsaldean, Kristina Mardarasi tokatuko zaio txanda, eta omenaldi berezia eskainiko zaio: “Ikuskizun ederra sortu dugu”, adierazi du Payak. Dantzaz, bertsoz, interpretazioz eta musikaz beteriko omenaldia izango da sortzaile ezberdinekin: Meñakoz Dantza Taldea, Iratxe Urkiaga aktorea, Mad Muasel rapera, Onintza Enbeita, Haizea Telleria, Enare Muniategi eta Iruri Altzerreka bertsolariak eta Irina Alvarez eta Itxaso Gomez musikariak, hain zuzen ere.

Kristina Mardaras bertsolaria, ipuin kontalaria, irakaslea, eta herrigintza eta euskararen aldeko ekintzailea da eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian lehen aldiz parte hartu zuen emakumea izan zen 1986an. “Bizkaiko emakume sortzaile askorentzat erreferentea delako aitortza egin nahi diogu, egindako lan guztiari”, esan du Zelako Kultur Ideiak elkarteko kideak.

Aurten gainera, edizio hau berrikuntza berezi batekin dator. Egun osoan zehar instalazio artistikoa artistiko partehartzailea egongo da kokatuta aretoaren kanpokaldean. Itxaso Paya: “Askotan diziplina zehatz batzutan zentartzen gara, baina sortzaileok askoz harago joaten gara”. Beraz, BEST-era datorrenak probatu ahal izango du eta esperientzia berezi bat bizi.

Payak gonbita luzatu nahi dio edozein sortzaileri eta eskura dauden zerbitzuei esker (streaming bidez jarraitzea, Bizkaia Irratia, itzulpengintza eta zaintza zerbitzua) argi utzi du ez duela “aitzakiarik izango nahi duenak etorri ahal izateko”.