Pasa den larunbatean, hilak 29, Indautxuko gazteok Gazte Eguna ospatu genuen eta egitarauari hasiera emateko 11:00etan elkartu ginen konpartsakideok gosaltzeko eta egunaren azken ordukoak egiteko. 12:30ean, beraz, Artisau azoka prest zegoen egunari hasiera emateko. Hainbat eskulangileren produktuak ikusi eta erosteko aukera izan genuen, Aimakarraren pintxadaz gozatzen genuen bitartean.
Gero Pergolara mugitu ginen eguraldiak eta zuhaitzak ez zutelako lagundu. Bai, bai, Gabonetako zuhaitza. Dirudienez Bilboko udalak Gabonak aurreratzeaz gain, espazio publikoaz askatasunez disfrutatzea eragotzi nahi digu Indautxuko gazteoi…
Bazkarian 80 gazte batu ginen eta amaitutakoan bingo musikatua izan genuen. 17:30ean kuadrillen arteko tribiala, 19:30ean kantu-poteoa auzotik, 21:30ean Txoriburu produkzions, eta amaitzeko Kirrulin Kutretonbola eta HMNDK ETXERA-ko pintxada.
Suziri Gazte Konpartsa aurten Indautxun sortu den gazte konpartsa da, INGA gazte asanblada geunden kideekin eta auzoko kide berriekin. Agerian dago konpartsari harrera hobea egin zaiola auzoan eta horregatik ausartu ginen gazte egun hau antolatzera. Gazte eguna gazteak batzeko, kaleak hartzeko eta aldarrikatzeko aukera ezinhobea baita. Aisialdi alternatiboa planteatzen duen esparru bezala irudikatzen dugu Suziri. Indautxuko gazte, euskaldun eta feministentzako esparrua, espazioa zein aisialdi orok aske eta segurua izan behar duelako.
Eguraldiak, agian, ez zuen hainbeste lagundu, baina ez zen izan oztopo Indautxuko gazteok geldiarazteko! Bertan elkartu ginenok egunaz disfrutatzeko aukera izan genuen, eta argi dugu hau hasiera baino ez dela. Ez eguraldiak txarrak ez Gabonetako zuhaitzak ez gaituzte geldituko auzoan aisialdi alternatiboa eraikitzen.