"Mila Musika Haria" kontzertu-zikloa Itzuli da Bilbora hari-musikaren erritmoekin

uriola.eus 2024ko urr. 30a, 10:37

Bilboko Udalak, "Mila Musika Haria" musika-zikloaren XV. edizioa aurkeztu du. Abandoko barrutian urtero ospatzen da eta hari-instrumentuari eskainitako ziklo kultural hau berriro ere musikaz betetzeko asmoarekin itzuli da. Kontzertuak eta jarduera bereziak azaroko ostiraletan eta abenduaren 5ean izango dira Bertendona institutuan, 19:00etan.

Egitaraua zabala eta anitza da, folka, zinema-musikako soinuak, musika klasikoa eta jazz edo fusio erritmoak barne hartzen dituena. Kontzertu-zikloa azaroaren 8an hasiko da.

Bereziki nabarmentzekoa da, azaroaren 30ean, gitarra-jotzaile italiar ospetsuak diren Antonio Forcione eta Giorgio Serci-k eskainiko duten masterclassa Abando Udal Zentroan. Ikastaro honetan interpretazioaren inguruko teknika eta esperientziak partekatuko dituzte bi artistek.

Kontzertu guztietarako sarrerek 5 euroko kostua izango dute, azaroaren 22ko emanaldia izan ezik, doakoa baita. Sarrerak eta gonbidapenak www.bilbaokultura.eus webgunean eta Bertendona institutuan erosi ahal izango dira kontzertu bakoitzaren hasiera baino ordubete lehenagotik. Antonio Forcione eta Giorgio Serci-ren masterclass-a egiteko izena emateko prezioa 20 eurokoa da, 15 plazako edukiera du, eta www.bilbaokultura.eus webgunean egin daiteke erreserba.

 

Kontzertuen egitaraua

Azaroaren 8ko kontzertua Folk Rippers banda arituko da, emakumezko lau musikarik osatutako folk taldea. Beren jatorri eta esperientzia ezberdinak baliatu dituzte euskal kantu tradizionalak eta Irlanda, Eskozia, Errumania eta Greziakoak uztartzeko, hizkuntza ezberdinetan abestuz. Kontzertu alaia eskainiko dute, publikoaren parte hartzearekin.

Azaroaren 15ean Musbika hari laukoteak zinema-musikako soinu-banda ospetsuen interpretazio bereziak ekarriko ditu, ikusleekin lotura berezia sortzeko Nazioarteko prestakuntza eta esperientzia daukaten musikariez osatutako hari laukotea da. Haien kontzertu moldakorrek mota guztietako publikoekin konektatzen dute.

Azaroaren 22an Juan Crisóstomo de Arriaga Gitarra Lehiaketaren irabazlea (Eneko Aristondo) eta finalistarekin (Beñat Muniozguren) gozatzeko aukera egongo da. Sarrera doakoa izango da lekuak bete arte.

Azaroaren 29an Antonio Forcione & Giorgio Serci gitarra bikoteak soinu afrikar, flamenko eta latinoen fusioa jazzaren hizkuntzarekin uztartuko ditu modu sortzaile eta ebokatiboan. Antiono Forcione Italiako gitarrajotzaile ospetsuak hainbat sari irabazi ditu, eta bere maisutasun instrumentala Giorgio Serci gitarra-jotzaile eta konpositore italiarsardiniarraren maisutasunarekin uztartu du, musika-bidaia magiko batean.

Abenduaren 5ean Soinuak Haizean – Itsasoa Laino Dago - taldeak euskal portuetako emakume langileen historia dantza eta antzerki ikuskizun batean oinarrituta aurkeztuko du. Diziplina anitzeko ikuskizuna da, dantza tradizionala eta garaikidea, musika eta antzerkia batzen dituena, gure portuetako istorioa eta haien andrazko langileenak ekartzeko: sardinerak, saregileak, kontserbagileak…