Langile bat hil da Bilbon altueratik erorita

uriola.eus 2024ko aza. 12a, 11:33

Beste lan-istripu baten ondorioz langile bat hil da Euskal Herrian azaroaren 11n, goizeko 9:30ean. Azken honekin, gutxienez 53 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak, eta horietatik 10, altueratik erorita hil dira.

Bilboko Plaza Birbilean dagoen Cafe Bar La Paradan kristalak garbitzen ari zen 55 urteko G.V.M. langilea 3 metroko altueratik erori eta bertan hil da. Langilea autonomoa eta azpikontratatua zen, LABetik azpimarratu dute ”behin eta berriro errepikatzen den patroia” dela.

LAB sindikatuaren arabera, heriotza ekidin zitekeen segurtasun-neurri egokiak beteko balira eta agintariek eta enpresek kontrol handiagoa egingo balute. "Istripu hori ez da kasualitatea, arrazoi argien ondorioa baizik: gobernuen kontrol falta, enpresen arduragabekeria eta lan-prekarietatea", ziurtatu du sindikatuak.

Horrez gain, gogorarazi du azken 10 urteetan gutxienez 81 langile hil direla Euskal Herrian altueran izandako erorketen ondorioz, eta hori dela eraikuntzaren sektoreko heriotza-kausa nagusia. Nabarmendu nahi izan dute garbiketa sektorean ematen den prekarietatea, laneko segurtasun neurriak hartzeko oztopo garrantzitsua dela, batzuetan heriotza eragin arte.

Horregatik, LABek premiazko neurriak eskatzen ditu patronalaren zigorgabetasunarekin amaitzeko, eta adierazi du laneko prebentzio eta segurtasun falta dela absentismoaren benetako arazoa, izan ere, lan-baldintza txarrek, kasu askotan, langileen heriotza eragiten baitituzte.

Sindikatuak dei egin die herritarrei eta langileei laneko tragedia horren aurka egingo diren mobilizazioetan parte hartzera, eta berretsi du beharrezkoa dela "absentismoari buruzko eztabaida faltsuarekin" amaitzea eta enpresei laneko segurtasunaren araudia betetzeko eskatzea.