Hautsa. Hirietan, herrietan, auzoetan, edonon dago. Diotenez, norbere buruaren zelula zaharrez eginda dago, baita ere, inguru hurbilean dauden gauzen partikulekin, etxe bakoitzak inguruan duenaren arabera aldatzen dira haren osagaiak. Autoen kea, trenbideko errailen metal txataltxoak, arropari jausten zaizkion algodoi eta poliester zatiak, egurraren zerrautsa… baina nahasketa horretan badago denon etxeetan dagoen osagaia: indarkeria matxistaren hauts berde-iluna.
Hauts hori guztia etxeko erratzarekin batu eta zaborrontzira botata arren, gurekin daramagu soinean, ezin da inoiz guztiz kendu; birikietan, listuan, azalari itsatsita. Zaborrontziak ere, hauts berdez beteta dauzkagu, eta Nerbioi ibaiak badu hauts horretatik nahikotxo, ondo ezagutzen baititu hiriaren ertzetan bizi diren indarkerien ondoriorik itogarrienak.
Berria egunkariaren arabera[1], Euskal Herrian, 2003tik hona 124 emakume eta 12 haur hil dituzte. Eusko Jaurlaritzak atzo emandako datuen arabera[2], “2023an, Euskadiko 15-29 urteko 1.508 emakumek salatu zuten emakumeen aurkako indarkeria”.
Jakin nahiko genukeena zera da, salaketa jarri zuten emakume* guzti horietatik zenbatek daukate/zeukaten heriotzerako edota zauri larriak izateko arriskua, eta zein neurri hartu dira babesa eraginkorra izan dadin? Izan ere, jakin badakigu, eraso gehienak bikotekideek edo bikotekide ohiek egiten dituztela; ezagunek, beraz. Eta salaketa jarri arren, berebiziko arriskuan bizitzen jarraitu behar dutela, inongo laguntzarik gabe, zenbaitetan, atzeraezinezkoa den heriotzera arte.
Ertzaintzaren protokoloa negargarria da, behin-behin Bilbon egiten duen eskuhartzeetan. Euskadi osoan lan egiten duen organo izanda, berdin antzeko eginbideak izango ditu EAE osorako. Mugimendu feministan maiz salatu dugunez, protokoloak ez du arriskuan dagoen emakumea* erdigunean jartzen[3], ez ditu kontuan hartzen haren ezaugarriak (bikotekidea izan den, haurrik dagoen, erregularizatutako egoeran dagoen, beste etxeren batera ihes egin ahal duen, osasun mentaleko arazorik duen…); negargarria da laguntza eske joan eta emakumearen arriskua txikitu beharrean Ertzaintzaren eskuhartzeari esker, indarkeria areagotzea. Horrek eragin zuzena dauka emakumearen* bizitzan eta askatasuna oraindik gehiago mugatzen zaio.
Erakunde publikoek puntu morea jartzeaz gain, dirua, aurrekontuak, eta emakumeon bizitza askeak erdigunean izango dituzten politikak behar ditugu; askotariko emakumeontzat* eginda daudenak.
Indautxun, Zirgariok, duela 10 urte hasi genuen indarkeria matxistaren aurkako borroka, gure buruak ahalduntzearekin batera bizitza askeen alde lan egiteko. Otsailean egingo dugu gure 10.urteurrenaren jaia, baina gaur Indautxutar eta Bilbotar guztiei dei egiten diegu manifestaziora hurbiltzera.
“Zuen aliantza maskulinoek konplize bihurtzen zaituztete” lelopean.
18:30etan Indautxu Plazan, bertan Errekaldeko zutabearekin batuko gara.
Zirgariok, norbere inguruan dituen portaera konplizeei eta matxistei erreparatzera gonbidatzen zaitugu, talde jarreretan zilegitzen ditugun zapalkuntza gehiago ez onartzera, eta batez ere, emakumeon* askatasunaren kontrako jarrerak dituztenei horiek albo batera uztera. Kuadrillako lagun hori zertan dabil? Lankideak aurrekoan guztien aurrean esandakoari zer? Indautxun parrandan atera zinen azkenengoan, zer jazo zen? Ta zer da, zorionez, jazo ez zena?
Ez ditugu onartuko! Aurrean izango gaituzue! Indarkeria matxistarik ez!
Gure kanta batekin ospatu genuen Zirgariok bostgarren urteurrena, eta ospatuko dugu aurtengo otsailean hamargarrena. Eta argi izan, gure auzoko hautsa astintzen jarraituko dugula, jaietan, tabernetan... Indautxuko kaleetan ere, indarkeria matxista egunero dagoelako: Pozan, Etxaniz Plazatxoan, Casilda Iturrizar parkean, Maria Diaz de Haron, Areilza kalean, eta hainbat lantoki eta etxetan.
Azkenik, elkartasun besarkada indartsu bat, arriskupean bizi izan diren, eta arriskuan bizi diren emakumeei*, hemen gaituzue. Eta memoria justiziaren aldeko keinu bat, dagoeneko gurekin ez daudenei eta haien senideei. Gure soinaren parte zarete eta borrokan jarraituko dugu guztiok aske izan arte.
“Egunez egun, urtez urte, auzoan sareak josten…
Indautxutik Bilbora Euskal Herria morapilatzen.”
Zirgariak: Indautxuko talde feminista.
2025eko azaroaren 25ean
[1] https://www.berria.eus/bereziak/indarkeria-matxista/mapa 2024-11-25
[2] https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/albistea/2024/azaroak-25-emakumeen-kontrako-indarkeria-desagerrarazteko-nazioarteko-eguna/ 2024-11-25
[3] https://www.feministalde.eus/es/comunicado-bilbo-feminista-saretzen/ 2024-11-25