Classique = Moderne zikloaren bigarren zatia hasi da Bilboko Alhondigan

uriola.eus 2025ko urt. 15a, 13:35

Zinematekaren 40 urteak ospatzeko, Bilboko Alhondigak antolatu duen Classique = Moderne zikloaren bigarren zatiak apirilaren 10era arte iraungo du. Golem Alhondiga Zinemetan proiektatuko dira filmak.

Atzo, hilak 14, hasi zen Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaok antolatu duen Classique = Moderne zikloaren bigarren zatia.  Zinematekak Bilbon egindako 40 urteen omenez antolatu du eta apirilaren 10era arte  iraungo du. Japoniako zinemako bi maisulanik bikainenekin hasi da zikloaren bigarren zatia: Kenji Mizoguchi-ren Ugetsu monogatari (Ilargi zurbilaren ipuinak) eta Yasujirō Ozu-ren Tokyo monogatari (Tokioko ipuinak). 1953ko bi film dira, oso lirikoak, baina guztiz estilo desberdinetakoak, Japonian eszenaratzeko prozesuan izandako joera desberdinen erakusgarri. 

Zikloaren bigarren zati honek beste hainbat maisulan barne hartzen ditu: Robert Bressonen Pickpocket (1959), Billy Wilder-en The Apartment (1960), Luis García Berlangaren Plácido (1961), Howard Hawks-en His Girl Friday (Ilargi berria) (1940), Federico Fellini handiaren Amarcord (1973), François Truffaut zinegile eta kritikariaren Jules eta Jim (1962), S. M. Eisenstein sobietarraren Oktyabr (1927), Orson Welles-en Othello (1951) da eta Buster Keaton handiaren The General (1926).

Classique = Moderne zikloa serie gisa antolatuta dago. Lehenengo zatia 2024an izan zen eta 3 urtez luzatuko da. Orain, bigarrena, 2025ean izango da, eta azkenik, 2026an, hirugarrena. Hastapenetan gune honen programatzailea izan zen José Julián Baquedanorekin batera aukeratutako 45 film proiektatuko dira. Ezinbesteko filmak dira, gehienbat zinemaren historian duten garrantziagatik, eta ez zuzendu dituztenen garrantziagatik. 

Classique = moderne adierazpena Jean-Lluc Godard-en Bande à parte (1964) filmetik hartuta dago, eta bi termino hurbiltzen ditu: antagoniko gisa erabili ohi direnak eta zinema arte gisa duen paradigma osatzen dutenak. Izan ere, ziklo honek euskarri analogikoak duen balioari heltzen dio, zeluloideko proiekzioak eta formatu digitalekoak uztartuz. “Gaur egun klasikotzat jotzen dena garaikidea izan zen bere garaian, baita disruptorea ere, eta bidea ireki zion gaur egungo ekoizpenari, teknikaren, pertsonaien edo kontatutako istorioaren bidez. Era berean, berria den guztia automatikoki bilakatzen da tradizional, sorkuntza artistiko gisa hondarra uzten duen heinean”, adierazi du Azkuna Zentroak.