Kongoko Errepublika Demokratikoko gerraren aurrean isiltasuna hausteko eskatu du Famek elkarteak

uriola.eus 2025ko ots. 28a, 13:45

Justiziaren eta bakearen aldeko oihua areagotzeko kontzentrazioa dago gaur, hilak 28, arratsaldeko 16:30ean Plaza Eliptikoan. Mobilizazio hau #IfSheFallsWeAllFall Kanpaina Globalaren parte da.

Kongoko Errepublika Demokratikoko gerra “muturreko basakeria” jasaten ari da urtarriletik. “Izuak aurrera egiten duen bitartean, munduko isiltasunak bere horretan dirau”. Amorruz azaldu du elkarteak. Hori dela eta kontzentrazioa egiteko deialdia egin du gaur, hilak 28, arratsaldeko 16:30ean Plaza Eliptikoan.

Munduak isilik jarraitzen duela salatu du Famek Elkarteak. “Nazioarteko komunitateak beste aldera begiratzen duen bitartean, milaka kongoar, bereziki emakumeak, indarkeria anitzen biktima izaten ari dira”, salatu du. Sexu-indarkeria gerra-arma gisa erabiltzen dutea adierazi dute: RDCn, emakume bat bortxatzen jarraitzen dute 4 minuturo”.

Populazio zibilaren aurkako erasoak ugaritu egin dira, milaka hildako eta 7 milioi pertsona baino gehiago desplazatuta: ”Isildutako hondamendi humanitarioa da”. Berehalako ekintza eskatu dute “isiltasuna konplizitatea baita”.

Gerraren amaiera eta biztanleria zibilaren berehalako babesa eskatu du, baita justizia egitea sexu-indarkeriaren biktimentzat ere. Nazioarteko komunitatearen premiazko erantzuna exijitu du gizateriaren aurkako krimenaren aurrean.

Beraz, gogorarazi nahi du kontzentraziora batzeko eta RDCko justiziaren eta bakearen aldeko oihua areagotzeko. Mobilizazio hau #IfSheFallsWeAllFall Kanpaina Globalaren parte da, krisi hau salatzen duena eta nazioarteko gobernu eta erakundeak presionatzen dituena. “Ezin dugu tragedia hau alde batera utzi. Ahotsa altxatzen dugu, haiek erortzen badira, denok erortzen garelako”, gehitu du.