Dantzerti, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi mailako ikasleek El Darnio/Delirio antzezlana estreinatuko dute Alondegian gaur arratsaldean, hilak 9, eta bihar. Estreinaldia eskolako ikasleen Gradu amaierako tailerra da.
Jokin Oregiren zuzendaritzapean, Gabriela Arranz, Andrés Cortés, Andrea Gallego, Maite Gandia, Aitziber Ruiz, Ane Sarasua eta Libe Unibaso antzezleek jokatuko dute mendian girotutako antzezlan hau Leireren istorioa argitara ateratzeko. “Elurra urtzen hasia da, mendiak gorderik dituen sekretu izoztuak agerian utziz. Leirek erantzunak behar ditu. Bere burua aurkitu nahi du. Ulertu behar du zer gertatu zen zortzimilako hartan bere bizitzan aurrera egiteko”.
Gradu amaierako muntaiaren oholtzaratzea ikasleen prestakuntza-ibilbidearen punturik gorena da eta Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaoren eta eskolaren arteko lankidetzaren barruan kokatzen da.
Estreinaldia Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaoko Auditorioan izango da apirilaren 9an eta 10ean. Sarrerak doakoak dira eta Azkuna Zentroaren webgunean eskuragarri daude. AZinfo-n ere jaso ahal izango dira, emanaldiaren egunean bertan.