Israel desegitera bidean, harreman oro eteteko mobilizazioa deitu dute gaur

uriola.eus 2025ko eka. 6a, 12:53

Mobilizatzera deitu du Palestinarekin Elkartasuna Palestinako herriaren genozidioan eta okupazioan Israeleko Estatuaren konplizeak seinalatzen jarraitzeko, Hitz gutxiago ekintza gehiago lemapean. Bilbokoa gaur, hilak 6, izango da 19:00etan Plaza Eliptikatik.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak mobilizazioak deitu ditu asteburu honetarako Euskal Herriko hiriburuetan, Hitz gutxiago ekintza gehiago lemapean.

Azkengo asteotan hainbat gobernuburu eta alderdi parlamentariotatik egindako adierazpenekin kritiko azaldu da plataforma “oso berandu” datozelako, izan ere, Israelek “palestinarren garbiketa etnikoa bilatzen hamarkadak” daramala azpimarratu dute: “Hasieratik argi egon da genozidio baten aurrean geundela, eta orain arte ez dute ezer ere egin”. Horregatik diote “genozidioa eteteko helburua izan baino, bestelako interes edo kalkuluei” erantzuten dietela adierazpen hauek, “konplize guztien aurka presionatzen jarraitu” behar dela ondorioztatuz. Hori dela eta, iragarri dituzte mobilizazioak eta Bilbokoa gaur, hilak 6, izango da 19:00etan Plaza Eliptikatik.  

Nazioartean egondako mugimenduez ari dira, hainbat estatu eta instituzioetako ordezkariek egindako adierazpenez hain zuzen. Plataformak hauek aipatu ditu: Espainian armen enbargoaren inguruko eztabaida, Frantziaren Palestina aitortzeko asmoaren adierazpena eta Europar Batasunak Israelekin duen elkartze akordioa aztertzeko iragarpena. Euskal alderdietako ordezkariak ere seinalatu dituzte.

Horrez gain agintarien diskurtsoek “oinarrian dagoen arazoa estaltzen” dutela ere salatu dute: “ez dute Israelen existentzia zalantzan jartzen, eta Israelgo entitate genozida eta koloniala zalantzan jarri beharrean, estatu legitimo gisa aurkezten jarraitzen” dute.

“Palestinarren askatasuna ez da entitate sionistarekin bateragarria, baina mendebaldeak Israel mantendu nahi du, ez baitu ekialde hurbilean duen aliatua galdu nahi” nabarmendu du plataformak haien komunikatuan. Plataformaren ustez Israel “desegin” beharra dago. “Existitzen uzten ez duen estatu batek ez luke existitzeko eskubiderik izan beharko” adierazi dute.

“Alderdi eta gobernuen elkartasun adierazpen horien ostean, bereziki haiek presionatzeko unea” dela aipatu dute: “Haiek beraiek baitira Israelekin harremanak mantentzen dituzten horietakoak, eta haiekiko independenteki antolatzen eta borrokatzen jarraitzera deia egiten dugu”, gaineratu dute.