BBK aretoak Mariposas Negras filma proiektatuko du bihar, hilak 19, eta proiekzioa amaitutakoan, mahai-ingurua egingo da David Baute zuzendariarekin. Film honek Animazioko Film Onenaren Goya Saria irabazi zuen 2025ean.
Saiorako sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik gonbidapena jaso beharko da (edukiera bete arte, hemen: https://labur.eus/mariposas_bbk). Ondorengo mahai-inguruan David Baute filmaren zuzendaria egongo da, Marta García Terán Zehar Errefuxiatuekin erakundeko eragin eta partaidetza sozialeko zuzendariak gidatutako ekitaldi batean.
Filmak hiru istorio erreal kontatzen ditu klima-aldaketak hiru emakumeren bizitzan duen eraginari buruz (Tanit, Valeria eta Shaila). Emakume horiek planetako txoko ezberdinetatik datoz, baina denek daukate antzekotasun bat: dena galdu dute berotze globalaren ondorioz, eta migratzera behartuta daude.
Mariposas Negras-ek klima-aldaketaren ondorio suntsitzaileez kontzientziatu nahi ditu ikusleak. Ibilbide arrakastatsua izan du nazioarteko jaialdietan, eta azaroan Nazio Batuen egoitzan aurkeztu zen. Han, harrera ona jaso zuen New Yorkeko publikoarengandik.
Lan honek David Baute tenerifetarraren hamabi urte baino gehiagoko ikerketak jasotzen ditu. Denbora horretan, berotze globala eta klima-aldaketa aztertu izan ditu, zehazki nola mundu osoko migrazio-mugimenduen arrazoi nagusietako bat bihurtu diren. Zintak 2Dko animazio bikaina erakusten du, ikusleak Karibetik, Indiatik eta Afrikako adarreko basamortu-guneetatik Parisko, Dubaiko eta Nairobiko hirigune handietaraino eramanez.