Palestinaren aldeko mobilizazioa deitu dute ekainaren 26an

uriola.eus 2025ko eka. 24a, 13:39

Isilune gehiagorik ez. Ekin diezaiogun lemapean, hainbat eragile sozialek, aurrekoan baino indar gehiagorekin gizartea berriz deitu dute ekainaren 26an Palestinaren alde mobilizatzeko.

Palestinaren aldeko mobilizazioa deitu dute datorren ekainaren 26an Begirune, CEAR Euskadi, CVX Arrupe Elkartea, Gernika Palestina, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Pertsonalde, Zehar-Errefuxiatuekin eragileek. Isilune gehiagorik ez. Ekin diezaiogun lemapean Eliptika plazan hasiko da 19:00etan eta Udaletxean bukatu.

Astelehen honetan, hilak 23, La Bolsa gizarte zentroan egindako agerraldian eragile deitzaileek Europako eta Nazioarteko erkidegoaren pasibotasuna salatu eta larrialdiko laguntza humanitarioa baldintzarik gabe eta berehala ematea eskatu dute.

“Israelek Palestinan egiten duena ez da berdinen arteko "gatazka" edo "gerra" bat, genozidio bat baizik”, argitu du Ione Irazabal aktoreak. Izan ere, herri oso bat ari da desagerrarazten “munduaren begien aurrean”.

Gazako egoera jasanezina dela salatu du Irazabalek: Milaka pertsona erail dituzte, familiak hondakinen azpian lurperatuta, ospitaleak, errefuxiatuen esparruak eta bonbardatutako eskolak, ospitaleak kolapsatuta, haurrak desnutrizioagatik hiltzen, laguntza medikoa kendu diete milioika pertsonari eta biztanleek bizirik irauten dute edateko urik eta elektrizitaterik gabe.

Era berean, Ramon Barea aktoreak palestinarrek duela hamarkada batzuetatik jasaten duten apartheida gaitzetsi du, eta egun, Israeleko Estatuaren eraso militarra mugak guztiz gainditzen ari dela nabarmendu: “Gerra krimenak zigorgabetasun osoz egiten ari dira, eta hori geldiarazi beharko luketenek konplizitatez begiratzen dute”.

Egoera honen aurrean, behar-beharrezkotzat jo du Bareak giza laguntzarako korridore iraunkorrak irekitzea eta medikamentuak, elikagaiak eta arreta medikoa sartzen ahalbidetzea, UNRWAren eta baimendutako beste erakundeen bermearekin.

Gainera, Harrigarria da ahotsa altxatzen dutenek eta sarraskia modu baketsuan salatzen dutenek kriminalizazioa jasotzen ari direla gaineratu dute, hala nola, Gazarako Martxako kideak edo Askatasunaren Flotillak.

Kalera atera ziren, Bilbon, joan den maiatzaren 31n, gaitzespena ozen adieraztera. Eta oraingoan, indar gehiagorekin eta eragile sozial gehiagoren babesarekin, gizartea berriz deitu dute: “uste dugulako genozidioaren aurrean inor ez litzatekeelako isilik egon beharko. Gerra krimenak amaitzeko irmotasunez exijitzen dugu”, amaitu du.