NBEren Batzar Nagusiak Israelek Palestinaren okupazio ilegala amaitzeko 12 hilabeteko epea jarri zuen pasa den urteko irailaren 18an. Urtebete igaro da eta Gazarako Mugimendu Globalak adierazi du epe hori ez dela bete, “Palestinari buruzko NBEren ebazpen asko bete ez diren bezala”.
Horregatik, irailaren 18a ez da ohiko egun bat: Palestinako GKEen Sarea (PNGO) nahiz mundu osoko mugimendu sozialek bultzatuta, Ekintza Globalerako Eguna da. Ekintza Jardunaldi Mundiala egon zen atzo nazioartean, Palestinako GKEen Sareak bultzatuta. Bilbon kaleak bete ziren arratsaldeko 19:00etan Bihotz Sakratuaren plazatik Eliptika plazara, ahots bakar batean oihukatuz: “genozidiorik ez, konplizitaterik ez!”
Testuinguru berean, Global Sumud Flotilla Gazara doa blokeoa haustera, Israelen krimenak salatzera eta itsas bidezko giza korridore bat irekitzera. 40 herrialdetako ehunka lagun ari dira parte hartzen desobedientzia zibil ez-biolento honetako ekintzan, bai nazioarteko zuzenbideak, bai herrien duintasunak babestuta.
Gazarako Mugimendu Globaka salatu du gobernuak genozidioaren konplize direa Israelen erregimen sionistari armak, dirua eta harreman politiko, diplomatiko zein komertzialak emanez. Ozen eta argi oihukatu zuten gizarte zibila ari dela estatuak ausartzen ez direna egiten: “Gobernuek ez badute ekiten, guk egingo dugu. Isiltasuna ez da aukera”.
Horren aurrean, hainbat eskaera egin dituzte:
- Israelekiko arma-blokeoa: esportazioen, inportazioen, igarotzeen eta kolaborazio militar guztien debeku berehalakoa nahiz atzeraeraginezkoa.
- Diplomatika-, merkataritza-, kultura- eta kirol-harremanak etetea Israelgo erregimenarekin, okupazioak eta genozidioak dirauten bitartean.
- Global Sumud Flotillaren babes eraginkor eta berehalakoa, Gazara heltzea nahiz nazioarteko zuzenbidearen errespetua bermatuz.
- Gazako blokeoa amaitzea eta nazioarteko giza korridore iraunkor eta segurua irekitzea.