Donostia Zinemaldia Bilbon egongo da aste honetan

uriola.eus 2025ko ira. 29a, 11:54

Karmele pelikularen irudi bat, Asier Altuna zuzendariaren pelikula berria I Egilea: Azkuna Zentroa

Gaurtik, irailaren 29tik, datorren igandera arte, urriaren 5era arte, Donostia Zinemaldiko bederatzi pelikula ikusi ahal izango dira Azkuna Zentroko Golem Zinemetan. Zikloa bi euskal ekoizpenekin hasi eta amaituko da.

Donostia Zinemaldia Azkuna Zentroan programaren edizio berria aurkeztu dute gaur goizean, hilak 29. Zentroak lankidetza horri eusten dio aspalditik, estreinaldi batzuk Bilbora ekartzeko eta hirian Zinemaldiaren antena moduko bat izateko. Oraingoan, zikloak bederatzi film ekarriko ditu, Sail Ofizialean, Perlak, Horizontes latinos eta New Directors sailetan erakutsiak. Programak ekoizpen zinematografikoaren egungo egoera islatzen du, eta haurrentzako eta familientzako proposamenak ditu.

Astelehen honetatik, irailaren 29tik, datorren igandera arte, urriaren 5era arte, bederatzi pelikula ikusi ahal izango dira Alondigako Golem Zinemetan. Filmak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, gaztelaniazko azpitituluekin. Gainera, haurrentzako pentsatutako euskarazko bi animazio filmek osatuko dute saioa. Sarrerak Golem-en webgunean salgai daude, eta Zentroko zinema-leihatiletan, 5 euroan, 4 euro AZ txartelarekin.

 

Euskal ekoizpenekin hasi eta amaitu

Irailaren 29an abiatuko da Asier Altunaren azken lana den Karmele filmarekin, eta Alauda Ruiz de Azúa zinemagilearen Los domingos filmak emango dio amaiera estreinaldiko zinemaren aste honi. Zuzendari bizkaitarrak pelikula onenaren Urrezko Maskorra jaso zuen joan den larunbatean. Film luzeak, halaber, euskal zinemaren Irizar Saria, Prentsa Zinematografikoaren Nazioarteko Federazioaren Fipresci Saria, Espainiako Informatzaile Zinematografikoen Elkarteak ematen duen Feroz Saria eta Komunikaziorako Munduko Elkarte Katolikoak ematen duen Signis Saria jaso ditu. Filmaren aurkezpenean (urriak 5, igandea, 20:30ean) Miguel Garces eta BlancaSoroa protagonistak eta Nahikari Ipiña eta Borja Crespo, filmaren ekoizleak, egongo dira.

New Directors saileko bi zuzendari berriren lana aurkeztuko da: Weightless Zinemaldiko New Directors saria jaso duen Emilie Thalund danimarkarraren lehen film luzea, eta bestetik, Stroma Cairns britainiarraren The Son and the Sea filma.

Zinemaldiko Perlak saileko aukera zabala nabarmentzen da programan. Film horiek Cannesen hasi dute zinemaldietako ibilbidea, eta sari garrantzitsuak jaso dituzte orain arte: Rebecca Zlotowski-ren Vie privée Bizitza pribatua) eta The President's Cake (Presidentearen tarta) lanak.

Joachim Trier-ek Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu zuen  Sentimental Value (Balio sentimentala) filmeko istorio familiarrarekin.

Hautaketa osatzeko, Jafar Panahi-ren Un simple accidente lana dago, Cannesko Urrezko Palmaren irabazlea. Simon Mesaren Un poeta ere ikus daiteke, edizio honetako Horizontes Latinos Saria, eta Un Certain Regard saileko epaimahaiaren sari berezia jaso zuena.

Gazteenentzako proposamen zinematografikoan, euskarazko bi film daude eta asteburuan proiektatuko dira. Tobias Schwarz eta Aizea Rocaren Heidi, Katamotzaren erreskatea film estreinatu berrian, Heidi txikiak eta bere lagun Peter-ek katamotz zauritu bat salbatu beharko dute. Karine Vézina-ren Kaixo, Frida! filma, berriz, Frida Kahlo artista mexikar ospetsuari buruzko biografia bat da.