Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlearen erakusketa ikusgai dago

uriola.eus 2025ko urr. 16a, 15:08

50 urte ba(GA)rik erakusketak hain ezagunak ez diren Gabriel Arestiren kontu autobiografikoak erakusten ditu, eta, horiekin batera, haren lanen lagin interesgarriak, zenbait paneletan jasota. Azaroaren 7ra arte egongo da ikusgai Foru Liburutegian.

Aurten 50 urte bete dira Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zela, eta bere omenez, Euskaltzaindiak erakusketa antolatu du Bizkaiko Foru Liburutegiaren Areto Nagusian, 50 urte ba(GA)rik izenarekin. Erakusketa azaroaren 7ra arte izango da ikusgai, astelehenetik ostiralera (11:00-14:00 / 16:30- 19:30) eta larunbatetan, goizez (10:30-13:00).

Urteurrena dela eta, egitarau oparoa antolatu du Euskaltzaindiak haren hirian, XX. mendeko euskal idazle berritzaileenetako bat izan zena omentzeko eta beronen ekarria goresteko. Ekainean estreinatu zen egitaraua Bilboko Txistularien Bandaren kontzertu batekin, eta harrezkero jardunaldi, liburu-aurkezpen eta bestelako musika-emanaldiak izan dira poeta bilbotarraren omenez.

Orain, Euskaltzaindiak erakusketa bitxi muntatu du eta horrekin, Gabriel Aresti bera eta beronen lanak ezagutzera eman nahi dira. Era berean, Arestiren lanak duen meritua aitortu, balioetsi eta ezagutarazi nahi du Euskaltzaindiak, euskal literatura modernizatzeko eginiko ahalegina gogoraraziz eta euskararen batasunaren hastapenetan izan zuen eragina eta ikuspegi zorrotza nabarmenduz.

 

Arestik bizirik dirau

Erakusketak hain ezagunak ez diren Gabriel Arestiren kontu autobiografikoak erakusten ditu, eta, horiekin batera, haren lanen lagin interesgarriak, zenbait paneletan jasota: itzulpenak, antzerki-pieza baten deskribapena, Bilbori eta bere emazteari emandako poema ederrak...

Aipu, deskribapen eta poema-lagin gehienak Harri eta herri (1964), Euskal harria (1967), Harrizko herri hau (1970) eta Azken harria (1976) poemarioetatik jaso dira. Baina Egan eta Anaitasuna aldizkariak ere arakatu dira, Arestiren jatorrizko testuen bila, haren idazkera zehatza agertuz, «garai hartako euskara batuaren ahalegina», adituek behin eta berriz azpimarratu izan duten bezala. Antzerki-piezak ere idatzi zituen Arestik, tartean, Oilarganeko etxola batean. Hona hemen antzezlanaren hasierako deskribapena: «Basa hondatu bat... ferde iluna. Laharrak edonundik. Arnotegi mendiaren atzekaldea da. Aldapa gora erpina. Etxolen itxurak edonundik. Eskuman, goialdean, burdin-mehatz abandonatuak...».

Jakina denez, Arestiren lanetan leku berezia dute bai Bilbok bai Meli Esteban bere emazteak eta erakusketa honetan ere nabarmen ikus daiteke hori dena. Azkenik, familiak utzitako objektu ugari dago erakusketan; besteak beste, Arestiren idazmakina eta haren betaurreko ezagunak.