PreFANT zikloak, FANT-Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren atarikoak, Paul Urkijok zuzendutako azken lana estreinatuko du datorren azaroaren 12an. Filmak Gaua du izena eta, bwsteak beste Yune Nogueiras, Ane Gabarain, Elena Irureta eta Iñake Irastorza aktoreek antzezten dute. Fimaren istoria XVII. mendean kokatzen da euskal mendietan. Sorgin ehiza betean, Kattalinek senarrarengandik ihes egin eta, hiru emakumerekin topo egiten du. Ibaiaren ondoan arropa garbitzen duten bitartean, beldurrezko ipuinak eta herriko esamesak partekatzen dituzte, eta protagonista istorio horien parte bihurtuko da azkenean. Filma datorren ostiralean, hilak 14, estreinatuko da zinema-aretoetan.
FANT Zinemaldiak bere 32. edizioa ospatuko du 2026ko maiatzaren 8tik 16ra, baina Zinemaldiaren programazioaren aurrerapenak eskaintzen ditu preFANTekin. Testuinguru horretan, Gaua proiektatuko dute azaroaren 12an, 19:30ean, Golem Zinemetako 1. aretoan.
Sarrera doakoa da lekua bete arte eta gonbidapena jaso beharko da zinemako leihatiletan proiekzioaren eguneko 16:30etatik aurrera. "Berezigarri bezala, aurrestreinaldira merchandisingarekin edo aurreko edizioetako sarrerekin joaten diren pertsona guztiek lehentasuna izango dute gonbidapenak jasotzeko orduan.
Paul Urkijo Alijo
Zinemazale amorratua da zuzendari gasteiztarra, eta genero fantastikoa, ilustrazioa, literatura eta komikiak ditu gogokoen, mitologia eta ipuin tradizionalak irakurtzeko zaletasun handia izateaz gain.
2016an bere lehen film luzea idatzi, ekoitzi eta zuzendu zuen, Errementari, genero fantastikoko filma, "Patxi Errementaria" euskal folklorearen ipuinean oinarritua. 2023an Irati estreinatu zuen, gaur egun arte zinema-aretoetan gehien ikusi den euskarazko filma. Sitgeseko Zinemaldian bi sari irabazi zituen eta bost Goya sarietarako izendatua izan zen.
Datorren ostiralean, azaroak 14, "Gaua" euskarazko hirugarren film luzea estreinatuko da zinema-aretoetan. Idatzi eta zuzendu dituen lanek Estatuko eta nazioarteko 130 sari baino gehiago eta mundu osoko 400 selekzio baino gehiago lortu dituzte.