Abusu-La Peñako historia argazkitan

uriola.eus 2014ko abe. 2a, 16:19

1980 aurreko argazkien bitartez, meatzaritzak, eta ibaien artean eta Arrigorriaga eta Bilbo artean egoteak, markatutako auzo horren historia erakusten duen erakusketa antolatu du Ondarearen hedapenerako Bilbao Izan programak Abusu–La Peñako kiroldegian. Erakusketak Abusu Sarean eta Andre Berri elkarteen, Abusuko zentro soziokulturalaren, Liburutegi Sarearen eta Bilbao Kirolak erakundearen laguntza izan du.

Urtarrilaren 5era arte (kiroldegia zabalik dagoen ordutegiaren barruan) bisitatu ahal izango den Abusu–La Peña: etengabeko aldaketaren historia erakusketa formatu handiko 12 panelek osatzen dute. Bertan, aipamen historikoak, deskribapenak, datu bitxiak eta balio historiko eta dokumental handia duten antzinako 300 argazki inguru egongo dira. Hainbat iturritatik jasotako irudiak dira, asko auzoko biztanleek eurek lagatakoak, uda honetan, argirik ikusi ez duten irudi pribatuak batzeko egindako kanpainaren ostean. Guztiak ere erakusketaren komisarioak, Susana Serranok, Historia Garaikide Doktoreak eta EHUko Historia Garaikide Saileko irakasleak, aukeratu eta sailkatu ditu.

Errotak, burdinolak eta gabiak mendeetan aritu ziren lanean Nerbioi-Ibaizabal ibaiaren ertzetan, Arrigorriagan edo Etxebarrin, baina baita Abusu–La Peña auzoan ere. Urtegiez eta ur-jauziez baliatzen ziren, eta baita inguruan zeuden beste baliabide natural batzuez ere, Miribillako eta Ollarganeko burdin mineralaz, adibidez. Bilboko portua goi-lautadarekin eta Ebro ibaiaren erriberarekin lotzen zuen bidea auzo horretatik igarotzen zen, eta oso leku garrantzitsua zen lurralde horien arteko merkataritza harremanetarako.

Denbora igaro ahala, meatzaritza jarduera indartsuak eta jada modernoa zen industria hasi ziren XIX. mendean, eta harekin batera, biztanleriak gora egin zuen, eta baita zabaltzen eta altueran igotzen ari ziren eraikinak ere. Biztanleek, euren ekimenaren eta partaidetzaren bitartez, bizia ematen diote auzoari. Joan den mendearen erdialdetik abesbatza eta dantza eta antzerki taldeak daude. Eta ez da animazioa falta Santa Isabel eta San Pedro erromeria tradizionaletan.

Erakusketaren helburua, Abusu–La Peñako harreman gune eta nortasun zeinu horiek guztiak erakustea da; bertako jendearen eta familien ekonomia, kultura eta gizarte jarduera eta eraikin enblematikoak eta jai herrikoiak. Horrela, erakusketako argazkien bitartez, ikusleek, hirigintzan izandako aldaketa handiak ikusi ahal izango dituzte, eta baita ez itzultzeko joan ziren eszenak eta antzinako lekuak eta saltokiak ere, horietako asko jada desagertutakoak.

Bildutako irudi guztien artean, balio dokumental garrantzitsua duten batzuk daude, Eulalia Abaitua argazkilariak 1890ean El Pontoneko errotan garbitzaileei ateratakoak, edo lehenengo tranbiarenak eta Bilbo-Tutera trenarenak; soroak, La Campako eskolak edo, hain antzinakoak ez direnen artean, inguru horretako enblema izan diren lantegiak, El Ponton edo Boluetako Santa Ana, besteak beste.

Horrez gain, kiroldegiko erakusketan jasotzen diren ia 300 argazkiak telebista pantailen bitartez ere ikusi ahal izango dira etengabe urtarrilaren 5era arte, Ibaialdeko liburutegian eta Abusuko Zentro Soziokulturalean.

Hitzaldiak

Ekimena bi hitzaldirekin osatuko da. Abenduaren 9an, Abusuko Zentro Soziokulturalean, Susana Serranoren eskutik, eta abenduaren 12an, Ibaialdeko liburutegian, Harridunak Mineralogia eta Paleontologia Euskal Elkarteko Alex Francorekin. Lehenengoak auzoaren historiari begirada ematea proposatuko du, errota zaharren, meategietako lanaren eta industria modernoaren bitartez eta, horrez gain, bertako jendearen ezaugarri izan den jarduera soziokultural garrantzitsua aztertuko du. Bigarren hitzaldia meatzaritzaren jatorrian eta garapenean, eta meatzaritza horrek XX. mendean hirian, eta batez ere auzoaren bilakaeran, izan duen eraginean zentratuko da.

Horrez gain, abenduaren 11n, 20:15ean, Artzai Onaren elizan kontzertua egongo da auzoko Andre Berri Abesbatza emakumeen abesbatzarekin eta San Frantziskoko Sanfran Koruerekin.

Abusu–La Peña: etengabeko aldaketaren historia, Hiriko auzoei eta barrutiei buruzko seigarren argazki erakusketa da, Errekalden (2009), Deustuako barrutian (2010), Basurtun (2011), Begoñako barrutian (2012), eta Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan (2013) egindakoen ondoren, guztiak ere, Kultura eta Hezkuntza Sailaren ondarearen hedapenerako Bilbao Izan programaren barruan.

Bideoa

Ohikoa denez, argazki erakusketaren ondoren, Kultura eta Hezkuntza Sailak, gai berari buruzko bideo bat aurkeztuko du datorren urtarrilean. Oraingo honetan ikerlariek eta historiagileek, baina baita auzoko pertsona anonimoek ere, euren lekukotza eta bertako historiari buruzko ezagutza eskaini dute, gure Hiriko leku herrikoienetakoa den eta Bilbo eta Arrigorriaga udalerrien artean banatuta egotearen berezitasuna duen gune horren azken garaietako historiari buruzko ikus-entzunezko lan hori egiteko.

Abusu–La Peña: burdina eta uraren arrean filma urtarrilaren 27, 28 eta 29an eskainiko da Ibaialdeko liburutegian, Abusuko Zentro Soziokulturalean eta Abusuko udaltegian, hurrenez hurren. Egunero hiru saio eskainiko dira, 18:30ean, 19:15ean eta 20:00etan (sarrera librea). Horrez gain, ikus-entzunezko lana Bilbao Izanen webgunean eta youtuben dagoen Bilbao Kulturaren kanalean ikusi ahal izango da otsailaren 6tik aurrera.

 

+ INFO: 944010010 edo 010 / www.bilbaoizan.net