Irala eta Ametzola auzoetako komunitate arloko topaketak

uriola.eus 2016ko api. 7a, 09:03

Bizikidetza hobetzeko asmoz, Irala eta Ametzola auzoek komunitate arloko monografia, Iralako eta Ametzolako "baliabideen gida" eta bizikidetzari buruzko inkesta aurkeztu dituzte. 

Monografiak, 'Auzoak bizikidetzan oratzen ditugu' izena duena, lurralde hori osatzen duten hainbat ezaugarri eta alderdiren argazkiak jasotzen ditu, besteak beste auzoen hasieratik historia demografikoa, herritarren mugimenduak, gizarte eta hezkuntza arloko datuak eta azkenik, komunitatearen osasun eta enpleguaren inguruko informazioa biltzen du. Dokumentu hori egin ahal izateko 200 pertsona eta 45 entitate baino gehiagok hartu dute parte. 

Apirilean herritarrek eta pertsonal teknikoak bilera antolatu dute, monografikoan agertutako emaitzak xede izango dituena. Geroxeago egingo den komunitate arloko topaketan aldiz, herritarrei diagnostikoak landutako gaiak biltzen dituen txostena aurkeztuko da jendaurrean. 

Auzoetako bozeramaileak argitu bezala, datozen hilabeteetan ezagutza horren inguruko hainbat ekintza antolatu dituzte. Dena den, ekainean ospatuko diren topaketetan argituko dute egitaraua. Era berean, 'Iralako eta Ametzolako baliabideen gida' izenez egindako txostena bertan aurkeztuko da.

Auzoetako hainbat datu

Iralabarri eta Ametzola auzoei buruz inkestatik ateratako datu garrantzitsu batzuk:
1.- Gehienek aniztasuna onartzen dute eta sektore horretan begirunea eta tolerantzia pasiboa nagusiak dira. Adibidez, % 66,5ek erlijio aniztasunari ondo edo oso ondo deritzo.
2.- Gehienek jarrera positiboak dituzte auzoetako gizarte eta kultura-arloko aniztasun-prozesuei dagokienez. Egoiliarrei euren hirian janzkera, hizkuntza, janari, aurpegiera edo kultura asko egoteaz galdetuta, horri ondo edo oso ondo deritzotenen portzentajea % 62tik % 75era artekoa da.
3.- Lurraldean bizi izateaz pozik daude gehienak eta lurraldeari lotzen dituzten sustraiak dituzte; hala ere, gutxiengo batek auzoz aldatuko litzateke ahal izanez gero. % 73k bizitzeko lekua aukeratzea balu auzo berean bizitzen jarraituko lukeela dio.
4.- Herritarrek oso balorazio positiboa egiten dute auzoan dauden tokiko administrazioko profesionalez, batez ere, hezkuntza eta osasunaren arloan. % 72k ondo edo oso ondo deritzo haien lanari.