Orain arteko eskaintzaren bi halako izango du aurrerantzean Zamakolako Haurreskolak

uriola.eus 2017ko ira. 11a, 13:03

Argazkia: Bilboko Udala

Handitu den eraikin berrituak 1.200 metrotik gora ditu eta aurrerantzean 21 plazaren ordez 42 plaza eskainiko ditu. Zerbitzu gehiago ere izango ditu orain: sukaldea, jantokia, jolasleku estalia eta kanpoko jolaslekua.

Haurreskola hau egitea auzotarrek eskatu zuten eta, horregatik, Bilboko Udalak hiru solairuko eraikin berria egitea erabaki zuen Juan Delmas ikastetxe publikoaren ondoan "eskaintza osoa izan dadin". Eraikina abian jartzea "atzeratu duten gorabeherak" izan arren, irailetik aurrera "normal dihardu" zentroak.

Gaur inauguratu dute Bilboko Udaleko ordezkariek eraikin berria, eta bere inaugurazioarekin bikoiztu egingo da Haur Hezkuntzako eskaintza 0-2 urtekoen zikloan, 21 plazatik 42ra. Hortaz, aurrerantzean Abusu auzoan lau gela egongo dira, horietako bi 0-1 urteko umeentzako 16 plazarekin eta beste gela bi 1-2 urtekoentzako 26 plazarekin. Hartara, ikastetxe publikoan zeuden instalazioen edukieraren bi halakoa izango du orain (8 eta 13 plazakoak ziren hurrenez hurren).

Hiru solairuko eraikinak 1.218 metro karratu ditu. Beheko solairuan daude umetxoen aulkiak jartzeko lekua, atari nagusia, langileen aldagela, garbiketarako gunea eta galdaren instalazioak eta gela.

Lehenengo solairuan, berriz, lau gela. Horietako bi zero urteko 16 umetxorentzat. Gela horietan lo egiteko lekua, higienerako gunea eta janariak maneatzeko tokia dute. 26 plazako beste gela bietan urtebeteko umeak egongo dira. Lo egiteko eta higienerako guneak dituzte gela hauek ere.Beste hauek ere badaude solairu honetan: sukaldea, jantokia, erabilera askoko aretoa (jolasak), zuzendariaren bulegoa, garbiketa-gela eta biltegiak.

Bigarren solairuan 94 metro karratuko jolastokia dago, 75 m2-ko kanpoko jolastokia, komunak eta biltegia.

 

2017/2018 ikasturterako eskaintza

Haurreskola berriarekin 2017/2018 ikasturterako eskaintza 628 plazakoa da. 0-1 urtekoen geletan 202 plazakoa eta 1-2 urtekoen geletan 426 plazakoa.

Handiagotutako haurreskola hau Bilboko Uriko 8 barrutietan dauden beste 14 haurreskolei gehituko zaie (barikuan inauguratu zen Sanchez Marcos haurreskola). Haurreskolak Partzuergoak gestionatzen ditu horiek. Gelak eta gainerako instalazioak eraikitzea, horien mantentze-lanak egitea, zaintzea eta garbitzea Udalari dagokio baina gestioa Haurreskolak Partzuergoaren esku dago.

 

Bilboko haurreskolak

Haurreskolak Partzuergoko Haurreskolak (0-2 urtekoak)

            1.         Arangoiti Haurreskola (Ganeta mendia, 2)

            2.         Basurtu Haurreskola (Zankoeta, 1)

            3.         Cervantes Haurreskola (Lersundi, 10)

            4.         Deustu Haurreskola (Blas de Otero, 66)

            5.         Elejabarri Haurreskola (Tolosa, 6)

            6.         Francisco de Goya Haurreskola (Pau Casals, 8)

            7.         Matiko Haurreskola (Tiboli, 25 -27)

            8.         Mina del Morro Haurreskola (Sagarminaga, 30)

            9.         Miribilla Haurreskola (Vitoria-Gasteiz, 2)

            10.       San Franzisko Haurreskola (San Frantzisko, 12)

            11.       San Inazio haurreskola (Asturias, 9 A)

            12.       Zamakola Haurreskola (Zamakola, 174)

            13.       Zorrozgoiti Haurreskola (Zazpilanda, 9)

            14.       Sanchez Marcos Haurreskola (Fernandez del Campo, 28)