“Abusu: hezten duen auzoa” ekimena aurkeztu dute

uriola.eus 2018ko ira. 25a, 09:58

Abusu Sarean plataformak bost programa gauzatuko ditu: “Bide lagunak”, bide-segurtasunari buruzkoa; “Auzo irakurlea”, irakurzaletasuna bultzatzeko; “Kultur Astea”, komunitateak parte hartzeko; “Ikasten ari naiz”, bizikidetza hobetzeko eta “Abusu Lanean” auzoko jarduera urbanistiko moduan.

Bilboko Udaleko Gobernu Batzordeak Abusu Sarean plataformarekin lankidetza-hitzarmena sinatzea onartu du. Hitzarmen horren bidez, Udalak 10.800 euro emango dizkio 2018-2019 ikasturterako, Abusu auzoan hezkuntzari eta kulturari lotutako jarduerak egin ditzan “Abusu: hezten duen auzoa” ekimenaren bidez.

Abusu Sarean Elkarteari emandako diru-laguntza hori umeen hezkuntzaren arloan Abusuko auzotarrak inplikatzeko jardueretarako da, eskolara joateko ibilbide seguruak finkatuz, irakurketa sustatuz eta tertulia literarioak eginez, baita kultur aste bat antolatuz ere. Auzoko elkarteen arteko lankidetza eta elkartasuna ere bultzatu nahi ditu.

Auzoko jarduna barne hartuko duten bost programa gauzatuko dira aurten:

  • Bide-segurtasunaBide lagunak
  • Irakurketaren sustapenaAuzo irakurlea
  • Komunitatearen partaidetzaKultur Astea
  • Bizikidetza hobetzeaIkasten ari naiz
  • Jarduera urbanistikoa: Abusu lanean

Ekimen honek urteak daramatza abian auzoan, Bilboko Udalaren laguntzarekin, eta erabat finkatuta dago, auzotarren partaidetza handiari eta auzoak dituen elkarte ugariri esker. “Abusu: hezten duen auzoa” proiektuaren helburuak hauek dira:

  1. Auzoko herritarrek, euren elkarteen bitartez, umearen garapen osoan parte hartu dezaten saiatzea. Horretarako, auzoko espazio ezberdinetan, umeei eskaintzen diegun ereduaren berri emango zaie.
  2. Aldeko ingurumen eta gizarte baldintzak berreraikitzea, auzoko umeak eta gazteak segurtasunarekin eta autonomiarekin bizi daitezen.
  3. Auzoko ume eta gazteak kontzientziaraztea elkarrekin lan egiteko beharraz, gizarte sendoagoa lortze aldera.
  4. Belaunaldien arteko harremanak ahalbidetzen dituzten ekintzak sustatzea, kolektibo ezberdinak aberastu daitezen.
  5. Auzoko kide izateko kontzientzia sustatzea.
  6. Gizarte kohesioaren alde egitea, pertsonen arteko diferentzia kulturalak baloratu eta kulturen arteko bizikidetza bultzatuz.
  7. Auzokoen partaidetza lortzea espazio eta ondasun publikoak behar bezala erabiltzeko, gero eta auzo garbiagoa, zainduagoa eta bizitzeko egokiagoa egiteko.
  8. Espazio komunak banatzen ikastea, bestelako kolektiboen beharrak kontuan hartuz eta errespetatuz. pertsona nagusiak, umeak, gazteak…
  9. Gizarte harremana eta konpromisoa sendotzeko borondatezko lana sustatzea, komunitateari zerbitzuak eskaintzeko.
  10. Tokiko Administrazioarekin modu koordinatuan parte hartzea, auzo konprometituago eta bizikidetzarako hobea lortzeko.

ABUSU SAREAN

Abusu sarean plataforma Abusuko eta inguruko entitaterik nagusienetako moduan finkatu da, hezkuntzan eta kulturan oinarritutako ekimenetik abiatuta. Hamarkada bi daramatza bizikidetzaren alorreko gaiak jorratzen eta bere jarduera ikastetxeetara zabaldu da. Gaur egun auzoko eragilerik handienetzat dago hartuta, betiere “hezten duen auzoa” goiburupean.

Abusu sarean sareko lana da, era guztietako herritarren elkarteek (auzotarren elkarteak, gazteenak, kirolekoak, kulturaren arlokoak, adinekoenak, emakumeenak…), hezkuntzako entitateek (kale-hezitzaileak, familiakoak…) eta eskola-komunitateek (bigarren hezkuntzako institutua,, Zamakola LMI, Abusu ikastola eta HHE) osatua. Enpresen eta merkataritzaren arloko erakundeek elkarlanean aritzen dira eta konpromisoak hartzen dituzte plataformarekin. Abusu sarean erreferentzia nagusi bilakatu da auzoaren dinamizazioan eta bertako elkarbizitzan.