Koronabirus agerraldi bat atzeman dute aste honetan Bilboko Abusu Ikastolan. "Hasieran goteoa zena, oso azkar hazten hasi zen aurreko astean, ikastolako 10 gela itxita izatera iritsi ginen arte" dio Joseba Barandiaranek, Abusu Ikastolako Guraso Artezkaritzako kideak.
Kasu kopurua hazten zegoela ikusi bezain laster Osakidetzari baheketa orokor bat egiteko eskaera egin zioten asteartean. Ikastolako langile zein ikasle guztiei PCR proba egin ostean, guztira %5,6ko positibo tasa erregistratu dute: 19 gela konfinatuta eta 11 zabalik. Artezkaritzako kidearen arabera "kasu oso sakabanatuak dira eta gehienak elkar loturarik gabekoak"
Aukeren artean ere ikastola ixtea zegoen arren, baheketari esker eskola presentzialak mantentzea lortu dute "orain esan dezakegu ikastolan dagoen jende guztia "garbi" dagoela".
Barandiaranek azaldu bezala, hartutako lehen erabakien artean, DBHko ikasle guztiak etxera bidaltzea izan da, haiekin bideragarriagoa baita behin behineko hezkuntza telematikoa egitea. Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako ikasgelei dagokionez, "erdia zabalik eta beste erdia itxita" daudela argitu du.
"Ezustekoa eta urduritasuna" azpimarratu ditu, izan ere, ikasturte hasierako neurri berdinak bete dituztela dio, "lan arriskuen prebentzioa zein protokoloak errepasatu ditugu eta dena zuzen zegoela ikusi dugu". Hala, positibo eman dutenen artean "asintomatiko mordoa" zegoela ere aipatu du, eta horrek agerraldia lehenago identifikatzea zaildu du.
Zunbeltz Fullaondo Abusu Ikastolako zuzendariak eskerrak eman dizkie azken egunotan animo eta esker mezuak bidali dituzten ikasle zein familiei.
Egun konplexua gaur @AbusuIkastola n.
— Zunbeltz Fullaondo (@zunbeltzfg) December 1, 2020
Baina ostiraletik egiten ari garen lan karga, ikasle eta familiek helarazitako esker mezuekin arindu egiten da. Argazkian, jasotakoaren adibide bat baino ez. Abusuko langile, ikasle eta familiak dana merezi duzue. #animoabusuzaindu pic.twitter.com/cTh2h4MaBb