Abusuko auzokidea eta Batu Elkarlaguntza Sareko kidea den Joaqui, bere alaba eta bilobak gaur egun bizi diren etxetik kaleratzeko agindua eman zuen epaileak, eta azaroaren 25ean gauzatuko dela dago aurreikusita.
Etxebizitzaren usufruktua Joaquiren senar ohiarena da, tratu txarrak ematen zizkionarena, alegia. 1997an banandu ziren, baina genero indarkeriaren delitua preskribatu den honetan, gizonak salaketa jarri dio emazte ohiari, eta lehenengoaren aldeko epaia eman zuen justiziak.
Biharko asanbladara bertaratzen direnei egoeraren berri emango diete deitzaileek, eta elkarlanean prestatu nahi dute etxegabetzea ekiditeko plana. Sareetan auziaren zabalkundea egiteko #JoaquiEzDoaInora traola erabiliko dute.