Etxebizitzarekin lotutako problematikak lantzen dituen Hego Uribeko Batu Elkarlaguntza Sareak denbora darama talde horretako kide den Joaquiren arazoa gizarteratzen. Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunean bertan, azaroaren 25ean, etxea uzteko agindua dauka Joaquik, tratu txarrak ematen zizkion bere senarrak (genero indarkeriagatik kondenatua) jarritako salaketaren ondotik epaitegiek hala erabakita. Emakumea bi urtez bizkartzainarekin ibili behar izan zen, eta gizona ez zuten espetxeratu. Orain, preskribatuta geratu da azken horren delitua.
Egoera zehatzago azaldu du elkarlaguntza sareak: "Dibortziatu baino urte batzuk lehenago, akordio notarial bat sinatu zuten. Akordio horrek, Joaqui duela 40 urte bizi den etxebizitzaren jabe egiten du, senarrak etxe honen usufruktua duen bitartean. Akordio hau guztiz bidegabea da, botere-harreman baten baitan eta ezjakintasun baldintzetan sinatua; eta orain, bere senar ohiak eskumen hau erabili du emakumearen kontra; izan ere, 2019an eta 2021ean Joaqui salatu du etxe horretatik kaleratzeko helburuarekin". Joaqui bere alabarekin eta adin txikiko bi bilobekin bizi da Olatxu kaleko 3. zenbakian.
Mehatxuak atarian
Batu Elkarlaguntza Sareak aditzera eman du joan den asteburuan Joaquiren etxeko postontzian mehatxuzko pintadak azaldu zirela. Bada, salatu dute horren aurrean ez dutela erantzunik jaso, ez administrazio judizialen aldetik, ez polizia kidegoen aldetik.
Horren guztiaren harira, eta ostiralean auzokideekin batera egin zuten asanbladan antolatutakoaren arabera, Joaquiri babesa emateko deia zabaldu dute, eta kasua ahalik eta gehien ezagutarazi nahi dute, "bidegabea" dela uste baitute.