Euskara bizi eta sentitzen duen pertsona ororen Ibilaldia

uriola.eus 2022ko mai. 11a, 13:51

Maiatzaren 29an egingo da Bizkaiko Ikastolen Festa, Abusu ikastolak antolatuta. Lau kilometro eta beste horrenbeste gune izango ditu: Ikastolan, Ibaieder parkean, Oilarganen eta Montefuerten. Eremu horietako bi familientzako izango dira, eta beste bi egongo dira kontzertuetarako. Bestalde, nerabeentzako erronka ere prestatu dute.

Bizkaiko ikastolen jaia maiatzaren azken igandean ospatuko da, hirugarrenez Abusun. Lau gune nagusi izango dira ikastolaren inguruan, eta urtero bezala ibilbide batek lotuko ditu laurak. Lehenengo gunea ikastola izango da, eta Ibaieder parkeko gunearekin batera, familientzako guneak izango dira. Hiru eta lau guneak, Oilargan eta Monte Fuertekoak, gazteentzako izango dira. Kai Nakai, Modus Operandi eta Itziarren Semeak arituko dira, besteak beste.

Erronka azpimarratu du Zunbeltz Fullaondok, Abusu Ikastolako zuzendariak: "Nerabeek gaur egun duten aisialdi ereduak kezkatzen gaitu. Horretan lan handiagoa egin behar dugu guztiok". Eguna osasungarri hasteko ibilbide osoa hartuko duen ginkana prestatu dute goizean, eta hasiera ekitaldia 10:00etan izango da. Askotariko ekitaldi eta musika estiloak hautatu dituzte, publiko guztiak bere eskaintza izateko. "Erro, harri, har" leloa nagusituko da egunean zehar, ikastolaren erroak gogoan izateko une-oro. 

Gaur egin duten aurkezpenean Josune Bañales Ibilaldi elkarteko lehendakariak azaldu du "oso pozik" daudela: "Kaleak, parkeak eta mendiak jendez beteko ditugu berriro euskararen eta ikastolen alde". Ikastoletan lantzen diren balioak defendatzeko jaia izango dela azaldu du Bañalesek, eta eskerrak eman nahi izan ditu jaia eta proiektua aurrera eramaten lagundu dutenei zein aurrera eramatearren ilusio handia jarri duten familia, ikasle eta langileei. 

Pandemia hasi zenetik Bilbon ospatuko den lehenengo jai erraldoia izango da, eta horregatik Zaloa Aldatz Abusu ikastolako gerenteak euskaltzale guztiei egin die deia egun horretan euskaraz gozatzeko. Ibilaldi jasangarria izango dela azaldu du Aldatzek: "Garraio publikoan joateko deia helarazten dugu. Inoiz baino errazagoa baita". Izan ere, Renfe-k geltokia dauka Abusun eta duela gutxi tranbia Abusura arte luzatu zen. 

Montefuerteko gunean bertan, espazio bat irekiko da, aurreko gauean furgonetekin edo karabanekin joaten direnak bertan igaro ahal izateko gaua. Gune gehienak leku berdeak direla kontuan hartuta, ingurumena eta natura zein kultur ondareak babestea eskatu dute antolakuntzatik.

Guztion ibilaldia

Zunbeltz Fullaondok Ibilaldia guztiena izango dela azpimarratu du: "Euskalgintzako eragile ezberdinekin eta auzoko elkarte ezberdinekin egin dugu lan euskara guztien propietate delako". Eremu barruan ere hurbildutako guztiak eroso egoteko jai parekidea izatea bilatuko du Ibilaldiak. Formakuntza jasoko duen lan talde bat egongo da guneen barruan eraso sexistak egonez gero jarduteko.