Herri Urratsi jarraipena eman dio igande honetan Ibilaldiak. Bizkaiko ikastolen jaialdia bi urte geldirik egon ostean indarrez bueltatu da Abusura bere 44. edizioan. Eguraldi ederra izan zuen egunak eta horrek lagunduta milaka lagun gerturatu ziren ibilbideko lau gunetara "Erro harri har" lelopean. Antolakuntzaren arabera "pandemiaren osteko lehen Ibilaldi handia horixe ari da izaten, handia".
Adintarte guztientzako pentsatutako egitarauaz "gogoz" gozatu zuten atzo Abusura eta inguruetara bertaratutakoak. Txangoekin, musikaren, dantzekin eta askotariko ikuskizun eta tailerrekin, ikastolei eta euskarari "hauspo erraldoia" eman zioten txiki zein handiek.
Euskaraz eta euskal kulturaz gozatzeko jaia den arren, aldarrikapenak egiteko jaia da ere Josune Bañales Ibilaldia Kultur Elkarteko lehendakariak azaldu zuen moduan. Pandemia garaian euskarak eta euskal kulturak galdutako esparruak berreskuratzeko balio behar duela esan du. Aldarrikapenari zentzua emateko Soziolinguistika Klusterrak egindako kale neurketa aipatu du Bañalesek: "Euskeraren erabileraren beheranzko joera eten egin da. Baina, ikerketa horren beste aldeak erakusten digu euskararen egoerak geldialdian segitzen duela. Ez da atsegina egoera hau".
Ikastolak euskara irauteko baino, euskaraz egiteko eta eragiteko jaio zirela gaineratu du lehendakariak. Bigarren aldarrikapen gisa, hezkuntza legea, eskola segregazioa eta jaiotzen beherakada izan ditu hizpide. Hori hobetzeko eta ekiditeko denontzako irizpide berak eta gardentasun osoz jokatuko duen planifikazioa tresna eraginkorrena dela argitu du. “Eta arreta berezia ezarrita ikastetxe txikiei, ezin baita errezeta bera erabili bi, hiru edo lau lerrotako ikastetxeentzat eta bakarra dutenentzat, handi edo txiki izan, guztiek betetzen dute-eta herri honetan, funtsezko eginkizun bat: gure seme alabak heztea”.
Datorren urteari begira
Katea ez apurtzeko egunaren hasieran lekukoa pasatu du Abusuko ikastolak. Ondarroara joango da 2023an Ibilaldia eta Zubi Zahar Herri ikastolak antolatuko du hurrengo urteko Bizkaiko ikastolen jaia. Ondarrutarren esanetan Abusukoek bezain gogotsu prestatuko dute 45. edizioa.