Bilbao BBK Live jaialdiaren azken atarikoa ospatuko dute bihar Abusun

uriola.eus 2025ko eka. 6a, 10:12

Hirian ekimenaren seigarren edizioak abangoardiako musika-programazio eklektikoa eskainiko du lau agertoki ezberdinetan Abusu auzoan. 18 artistek Abusuko kale eta plazak jai-giroan murgilduko dituzte egun batez.

Abusu auzoak Hirian ekimenaren seigarren edizioa hartuko du bihar, hilaren 7an. Jada tradizio bihurtu da Bilbao BBK Live jaialdiaren atariko ekimen hau, eta Abusuko kale eta plazak jai-giroan murgilduko dira egun batez, kultura eta aniztasuna ekarriz. Abangoardiako musika-programazio eklektikoa eskainiko du, gustu eta publiko guztientzat.

Edizio honetako 18 artistek lau agertoki izango dituzte zain Ibaieder parkean eta Ibaizabal kanpan.

  • Bat agertokia Los Bengala  taldeak estreinatuko du, garaje-doinu urratuekin. Ondoren, PI L.T. metal alternatibo euskaldunaren mito biziaren txanda izango da, eszenatokia berriro ere sutan jarriko dituena bere gar itzalezinarekin. Geroago, Airbag taldeak eskainiko du kontzertua, Esteponatik datorren rock hirukotea; Hens, Estatuko pop urbanoaren figura ezagunenetako bat; eta, eguna bukatzeko, Javiera Mena, Latinoamerikako pop elektronikoaren erreferentea.
  • Doinu urbanoekin hasiko da eguna bigarren agertokian, Greta artistarekin, sentsibilitatea eta jarrera bikaina nahastuta; eta jarraian LaBlackie arituko da. Cápsulak Ziggy Stardusti egiten dion omenaldiarekin Bowie-ren soinu-unibertsoa intentsitate biziko eszenaratzearen bitartez berreskuratuko du, eta emanaldiak Parquesvr bandarekin amaituko dira.
  • Hiru agertokian kontzertua hauek egongo dira: Ultralágrima bikotea, Svsto eta, azkenik, bakarkako ibilbideari ekin berritan, ILTZE 1 EPa aurkeztuko du Kilikik.
  • Lau agertokian, Basoa in the city egongo da prest, musika elektronikoaren agertokia, askotariko proposamenekin, techno emozionalarekin hasi eta dantza esperimentalarekin bukatu: Puñales, Chill Mafiako kide izandako Sunny Wright IV, Miravalles bizkaitar DJ, eta Lamia Mari donostiarra.

 

Bilbao BBK Live jaialdirako giroa berotzen

Bilbao BBK Live jaialdiaren azken atarikoa da Hirian ekimeneko programazioa. Jaialdia bera uztailaren 10ean, 11n eta 12an izango da Kobetamendin, eta eguneko sarrerak, bonuak eta kanpinerako txartelak salgai daude jada bilbaobbklive.com webgunean. Egun horietan ere kontzertu bereziak egongo dira Bilbon.

 

Erlazionatuak

Bilbao BBK live. Hirian

uriola.eus eka 04 Abusu