Guztia ekainaren 21ean, larunbatean, hasi zen: paella lehiaketa, güito jaurtiketa eta txupinazo txikiarekin piztu ziren suak eta auzoa festa-usainarekin bete zen. Erritmoa ez zen gelditu: hiru kontzertu gehiago eta udako ekaitz eder bat etorri ziren segidan.
Hurrengo egunetan, txarangak, gastronomia-lehiaketak, kirol erakustaldiak, herri-jolasak eta kontzertuak izan ziren kaleetan zehar, auzoa bizitzaz blai utziz.
San Juan astelehenean bereziki distiratsu izan zen: sua, pizte ikuskizuna eta ohiko txokolatada. Astelehen izanik ere, jendeak primeran erantzun zuen.
Astearen zehar, koadrilen arteko jolasak, mojitoak eta kontzertuak astebururako gogoa pizten joan ziren auzoko koadrila guztietan.
Ekainaren 27an, ostirala, Bolintxu Kultur Elkartearekin abiatu genuen jaien benetako hasiera: goi-mailako pregoia eta txupinazoa. Arratsalde hartan, Abusu musika, kolore eta emozio leherketa bat bihurtu zen. Koadrilen jaitsiera, artisau-azoka, kontzertuak eta oraindik gehiago zetorren.
Larunbata, ekainaren 28a, intentsitate handiko eguna izan zen: kalejira, puzgarriak, txapelketak, herri kirolak eta gau osoan iraun zuen orkesta batek dantzara eraman zuen auzo osoa. Beroa estu, baina koadrila guztiak dantzan eta barrez ikustea ederra izan zen, goizetik gauerdira arte.
Igandea, ekainaren 29a, goi mailan itxi zen: abestiak, kirola, gastronomia eta ohiko sari-banaketa. Tentsio, emozio eta poza uztartzen zituen koktel bikaina. Eta amaieran, “Makarrak” koadrilak jantzi zuen 2025eko txapela.
Jai hauek erakutsi dute gauza bat oso garbi: beroak berok, Abusuko auzoa bizirik dago, eta nola gainera! Koadrilak kalera atera dira, parte hartu dute, lehiatu, momentu ahaztezinak sortu… eta, batez ere, elkarrekin lan eginez, gauza handiak lor daitezkeela frogatu dute.
Hemendik, eskerrik beroenak Jai Batzordeari, Abusukomi eta hau guztia posible egin duten guztiei: antolatuz, lagunduz, etenik gabe lanean arituz eta bihotza detaile bakoitzean jarriz.
HURRENGO URTERA ARTE ETA GORA ABUSUKO JAIAK!