‘Gizazinea’ ekimenaren V. edizioa martxan

uriola.eus 2014ko mar. 6a, 11:15

"Lucas" filmearen irudia
Bihar emango diote hasiera nerabeak eta gazteak ardatz dituen ‘Gizazinea’ ekimenaren V. edizioari. Guztira doako hiru saio eskainiko dituzte San Frantziskoko Udaltegian eta Bilbo Zaharrean.

Udaletxeko Kultura eta Hezkuntza sailak ‘Gizazinea’ egitasmoa antolatuko du bosgarren urtez, Caostica elkartearen laguntzaz. Bihar, martxoak 5, hasi eta ostiralean bukatuko dira zine emanaldiak. Programa honen helburu nagusia, zinemaren bitartez gizarteko zenbait errealitate eta arazo ezagutaraztea da eta aurten nerabe eta gazteei buruzkoa izango da.

Aurtengo lehenengo hitzordua bihar, arratsaldeko 19:30ean izango da San Frantziskoko Udaltegian. ‘SOS Teenagers!’ saioa eskainiko dute lehen egunean eta nerabeen egungo arazoei buruzko gogoeta egingo da. Horretarako, adin horietako jakin-min eta arazo nagusiei buruzko hainbat ikuspuntu ematen dituzten izen handiko egileen film laburrak eskainiko dira (Alauda Ruiz de Azuaren Dicen, Javier Loarteren Amateurs, Daniel Sanchez-Arevaloren Fisica 2, Miguel Azurmendiren Los Demonios, Zoe Berriatuaren El Desproposito eta David Gonzalez Rudiezen Septiembre), eta Aitziber Fernandez Gizarte Hezitzailea ere bertan egongo da, nerabeekin lan egiten espezializatuta dagoen Gizarte Ekimeneko Bidegintza Kooperatiba ordezkatuz. Bere esperientziaren berri emango du eta ondorengo solasaldia bideratuko du.

Ostegunean, martxoaren 6an, begira, bigarren saioa antolatu dute, ‘Nerabeak Sarean’ izenburupean, San Frantziskoko Udaltegian, arratsaldeko 19:30etatik 22:30etara. Topaketan, Internetek eta sare sozialek gazteen komunikazio bide berri gisa betetzen duten lekuaren gaia landuko da, eta tresna horien erabilera egokian hezteko eta horien arriskuak aztertzeko beharra azpimarratuko dute. Horretarako, Alex Montoyaren Lucas film laburra eta Elena Traperen Blog film luzea proiektatuko dira. Ondoren hitzaldi-solasaldia egingo da Ongizate Psikologia Zentroan umeengan eta gazteengan espezializatuta dagoen Irene Tobias Fernandeze psikologoarekin.

Edizio honi amaiera emateko, ostiralean, martxoaren 7an, ‘Ruta del Crac’ ospatuko dute. Aurreko urteetan lortutako arrakasta ikusita, kultur ibilbide berria egingo da Bilbo Zaharreko hainbat leku eta txokotatik, egunerokotasunak ematen dituen sentsazioak eta berau bizitzeko eta ulertzeko moduak adierazteko, artearen, gizartearen eta jaiaren ikuspuntuetatik. Aurten ibilbidea 4. kaian amaituko da, ‘Gizazinea’ programaren V. urteurrena ospatzen duen jaiarekin. Egitarau zabala eskainiko dute:

20:00etan 1. geltokia: Berreginen museoa. Rafa Eizaguirre

20:30etan 2. geltokia: Arias taberna. Txampivision: Bideoklipak, Caosticaren eskutik

21:00etan 3. geltokia: Bilbo Zaharreko plaza. Karola Zirkoa

21:30etan 4. geltokia: Martzanako kaia. Video Mapping, RGB Lover VJ-rekin

22:00etan 5. geltokia: 4. kaia. Wanna Funken kontzertua


00:00etan 6. geltokia: 4. kaia. Musika aukeraketa, Joke DJ-ren eskutik