Venezuelako herriari babesa agertzeko deialdia zabaldu dute eragile ezberdinek

uriola.eus 2014ko mar. 17a, 10:02

Ostegun honetan, martxoak 20, Venezuelaren aldeko eta estatu-kolpearen kontrako elkartasun-elkarretaratzea deitu dute "Estatu kolpeari ez, Venezuela Aurrera!" lelopean. Bilboko mobilizazioa Arriagako plazan izango da 19:00etan.

Herri mugimendu, sindikatu, alderdi politiko zein kolektibo ezberdinek elkarretaratzea deitu dute ostegunean “Nicolas Maduroren gobernua indarrez eroraraztea helburu duen desegonkortze-operazio eta kolpe leuna” salatzeko.

Azaldu dutenez, “ikus-entzunezko gerra biziak saiakera hori zilegitzen du. Hedabideek herritarren gutxiengo bat aurkezten dute Venezuelako herritzat –goi edo erdi-klaseko populazioa, inguru aberatsetako ikasleria- eta eraldaketa-prozesuaren aldeko gizartearen gehiengoa, ordea, isilarazi egiten dute. Aipatu prozesuaren ondorioz pobrezia erdira murriztu da Venezuelan 15 urteko denbora-tarte eskasean; horretarako, petrolio-errentaren inbertsio-soziala baliatu dute, lehen gutxi batzuen esku zegoena”.

“Kolpe-leun” egoerak gerra latza ere badakarrela diote eta “patronalak merkantziak metatu egiten dituela horniketarik eza eta inflazioa sorrarazteko; eta oposizioak kontrolaturiko udalerrietan eraso sistematikoak gertatzen direla kaos ekonomiko eta errepresio mezu nahasiak zabalduz”.

Venezuelako Iraultza Bolivartarra “garrantzi handiko pieza” da nazioarteko agertoki geopolitikoan; eta deitzaileen esanetan, “berau eroraraztea heburu estrategikoa da Estatu Batu eta Europar Batasunarentzat”. Gauzak horrela, haien “esku-hartze inperialista” salatzen dute.

Diotenez, Venezuelan euren etorkizuna, berdintasun eta justiziaz eraikitzeko eskubidea da jokoan dagoena. Beraz, Euskal Herritik elkartasun aktibo eta iraunkorrerako deia zabaldu dute. Bilboko elkarretaratzeaz gain, Donostiako Boulevarrean eta Gasteizeko Correosen ere mobilizazioak egingo dira 19:00etan.