Arriaga Antzokiak oso ikuskizun berezia jasoko du gaur, asteartean, martxoaren 25ean, sorkuntza garaikideko oso pertsonaia garrantzitsu biren eskutik. Kirmen Uribe euskal idazlea, azken urteetako idazlerik aktiboenetakoa eta nazioartean proiekzio gehien duenetakoa, Wim Mertens musikari belgikar ezagunarekin, konposatzaile, moldatzaile, piano eta gitarra jotzaile, abeslari, soinu banden idazle… gisa hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidea duen musikariarekin batera egongo da eszenatokian. Gaur, Mertens pianoaren atzean eserita agertuko da.
Kontzertu gisa egituratutako ikuskizuna izango da. Wim Mertensek pianoa joko du, eta une batzuetan bere ahotsa ere jarriko du; eta Kirmen Uribek Mussche bere eleberriaren zenbait zati errezitatuko ditu. Mertensek berak idatzitako musika ere eleberrian inspiratuta dago.
Kirmen Uribek, beraz, ahotsa jarriko die bere testuei, eta euskaraz egingo du. Hala ere, euskara ulertzen ez duten pertsonek ere izango dute ikuskizunaz gozatzeko aukera, aldibereko itzulpena egingo baita, euskaratik gaztelaniara, eta eszenatokian egongo den pantailari esker jarraitu ahal izango da.
Musscheri buruz
1937ko maiatzean, Robert Mussche idazle belgikarrak gerraren ondorioz ihes egindako euskal neskato bat hartu zuen Ganteko etxean. Neskatoa ezagutu izanak sakon aldatu zuen Mussche eta pixkanaka giza eskubideen alde jarduteari ekin zion. Horrela, Gerra Zibilean kazetari moduan parte hartu zuen eta II. Mundu Gerran nazien aurkako erresistentzian murgildu zen. Benetako istorio horretan oinarrituta, Kirmen Uribek Mussche eleberria idatzi zuen (2012an editatua).
Orain, Robert Mussche eta Karmentxu neskatila elkartu zituen indar berak Wim Mertens konposatzaile belgikarra eta Kirmen Uribe idazle euskalduna elkartuko ditu. Lehenengoak, eleberrian oinarrituta konposatutako soinu banda bezalakoa garatuz, eta idazlea, zuzeneko emanaldian poesia hoberenaren indarra lortzen duten eleberriaren zatiak errezitatuz. Bizitza eta ibilbide artistiko desberdinak dituzten arren, oso gertu daude kulturaren, eta baita munduaren, ikuspegi gizatiarrari eta solidarioari dagokionez. Konpromiso horren fruitu gisa, orain Arriaga Antzokian aurkeztuko den proposamen artistiko hau sortzen da.