Bilboko Udalak auzo horiek baztertu dituela dio Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako taldeen koordinakundeak. Bertako langabezia tasa %40koa da, eta gazteen artean, berriz, %60ra heltzen da. Utzik dauden etxebizitza eta lokalak "ehunka kontatu daitezke", eta premiazko garapen plan bat aldarrikatzen dute datu horiek lehenbailehen aldatu daitezen. Auzotarrentzat eskubide eta justizia soziala eta enplegu politika gehiago eskatzen ditu koordinakundeak.
Kexa gehiago
Martxoaren 3an Saralegiko plazako etxebizitza bateko fatxada "zati handi bat" askatu eta espaloira jausi zen haize bortitzaren ondorioz. Ez da hori gertatzen den "lehen aldia", eta halako erorketek "istripu larriak" sor ditzaketela salatu dute auzo elkarteko kideek. "Zorionez gauerdi inguruan gertatu zen, eta ez zuen inor kalean harrapatu". Etxebizitza berri horiek kalte ugari izan dituzte epe laburrean, eta bizilagunak kexu dira.
Bilbo Zaharreko hirigintza "behar bezala egin ez dutela" salatu dute, bai etxeen eraikuntzekin arazoak dituztelako, bai hirigintza politikak auzoa bitan banatu duelako, etxe berri eta zaharren artean. Beraien ustean, hirigintzan "etekinak ateratzea" bilatu dute agintariek, bizigarritasunaren aurretik. Bilbo Zaharreko auzo elkarteak babesa eta ardura eskatu die agintariei, babes ofizialeko etxebizitzak direlako kalteak dituztenak.