“Abortua delitua bada, gora delinkuentzia”

uriola.eus 2014ko api. 14a, 09:50
Orgasmoen Alu Santu Gorenaren prozesioak beltzez jantzitako ehunka pertsona batu zituen Bilboko kaleetan joan den ostiral iluntzean. Eliza eta PP alderdia gogor kritikatu zituzten martxan zehar.

Ohiko prozesioen itxura izan zuen Bizkaiko Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Plataformak deitutako prozesioak. Kandelak, beltzez jantzitako jarraitzaileak, tanbor hotsak, saeta kantuak... Eduki aldetik, baina, kristau prozesioetatik urruti zebilen. Amabirjin edota Jesusen irudiaren ordez, Orgasmoen Alu Santu Gorena pasiatu zuten ehunka pertsonek, gehienak emakumeak, Bilboko Alde Zaharreko kaleetatik. Saeta eta bestelako kantuen hitzetan, abortu eskubidearen aldeko aldarria eta Eliza eta PPren aurkako kritikak izan ziren nagusi, beste beste: “Nire erabakia delako abortatuko dut”, “Abortatu nahi dugu eta ez digute uzten”, “Abortua delitua bada, gora delinkuentzia”, “Atxilo gaitzatela, abortistak gara”, “Non daude, ez ditugu ikusten PPko abortistak” eta “Apezpiku-batzarrari su emango diogu matxista eta patriarkala izateagatik” bezalako esaldiak entzun ziren.

Prozesioa Santiago katedraleko plazan bukatu zen Zutik emakumeak, hautsi zure kateak abestiarekin.

Katedrala itxita

Santiago katedrala, joan den ostegunean, itxita agertu zen abortu legearen erreformaren aurkako ekintza baten ondorioz. Bilboko emakume talde batek abortu legearen aurkako protesta burutu zuen bertan. Plastikozko zinta eta kartelekin itxi zuten ataria. Elizak sistema politikoan duen eragina salatu nahi izan dute: “Moral kristauak, bere familiaren kontzeptuaren bidez, batzuk inkubadora bihurtu nahi gaitu, eta beste batzuoi, berriz, amatasuna galarazten digu”.

Elizak emakumeari aitortzen dion rola eta emakumeak tratatzeko modua ere salatu nahi izan dituzte ekintza horren bidez: “Zer behar dugun eta zer nahi dugun guk geuk baino hobeto ei daki. Hori dela eta, umetzat hartzen gaituzten paternalismo kondeszendienteaz tratatzen gaitu. Posizio sumiso horretara ohitzen ez garenak zorotzat eta sorgintzat jotzen gaitu, eta Inkisizioaren txakurrak gainera botatzen dizkigute, oraingoan, kriminalizazio penalaren formapean”.

[Argazki Galeria]

 

Albistea: Inoiz baino ikusgarriagoa Bilbon emakumeen erabakitzeko eskubidearen aldarria