Babes handia jaso du jai herrikoien ereduak

uriola.eus 2014ko api. 14a, 10:11
Bilbotarrek bat egin dute jai herrikoien defentsarekin. Joan den asteburuan jendetza gerturatu zen Areatzara auzoetako Jai Batzordeen Auzotarrok koordinakundeak eta Bilboko Konpartsak antolatutako jaialdira.

Ume, gazte, heldu eta adinekoak ikusi genituen jolasean, dantzan, kantuan eta jan-edanean. Jai giroan, ezin hobeto pasa zuten bai larunbatean bai igandean. Ekitaldirik ez zuten falta izan Auzoen Egunean.

Aldarrikapenerako tartea ere izan zen. Larunbatean, 13:00etan, Arriaga plazan elkarretaratzea burutu zuten "Bilboko auzoetako jaien defentsan". Udalari "inplikazio gehiago" eskatu zioten, nahiz aitortzen duten "azken urte honetan, Udaleko sail batzuekin pausoak eman diren". Esaterako, Espazio Publikoaren Erabilerarako Bulegaorekin, "batzar batzuk eduki ditugu eta zenbait aktuazio aurreikusita daude", edota Berdintasun Sailarekin "elkarlan esparru bat bilatu da". Baina Auzotarroken arabera "oraindik pauso gehiago eman behar dira", besteak beste, diru-laguntza arloan. "Nola uler daiteke Udalak 750 euro bakarrik ematea jaietan egiten diren jarduera guztiak antolatzeko", galdera plazaratu du.

Argazkiak: @auzotarrok

Albistea: Bat egin jai herrikoen defentsarekin

Bideoa: Igor Vazquez: "Jai herrikoiak bultzatzea da Auzoen Egunaren helburua"