Euskal Herriko Mumiaren Lagunak, Komite Internazionalistak, Ixuxu Asturies-Euskal Herria Elkarteak eta Sare Antifaxistak elkarretaratzea egin dute, Mumia Abu-Jamalen askatasuna galdegiteko. Horretaz gain, Mumiarentzat epaiketa berri eta inpartziala; heriotza zigorrarekin bukatzea eta preso politiko guztien askatasuna exijitu dituzte.
Elkarte guzti horiek, urteak daramatzate preso afroamerikarrari elkartasuna adierazten eta euren asmoa, “bizi osorako zigorraren aurka borrokatzen jarraitzea eta Mumia espetxetik ateratzea” dela azaldu dute. 1981eko abenduaren 9an Filadelfiako polizia baten erailketa leporatu zioten Mumiari eta “arrazakeriaz eta aurreiritzi politikoz betetako epaiketa” baten ondoren, heriotzaren Korridorera zigortu zuten. Nazioarteko elkartasun keinu ugariren ondoren, 2011ko urrian, Auzitegi Gorenak heriotza zigorra baliogabetu zion. Oraingoan, baldintzapeko askatasunerako aukerarik gabeko bizi osorako zigorra ezarri diote, “heriotzaren mehatxua mantenduz”.
Mumiak 32 urte daramatza preso Estatu Batuetan eta momentu hauetan, bizi osorako zigor eskaera dauka bere gain. Gaurko elkarretaratzean, eta beste hainbat tokitan egin direnetan, egoera horri irtenbidea bilatzea eskatu dute. Protestan ateratako argazkiak preso afroamerikarrari bidaltzeko asmoa erakutsi dute ere.