`La Ria de Bilbao´dokumentala doan ikusteko aukera egongo da gaur Mariaren Bihotza Plazan kokatutako San Frantziskoko Auzo Etxean, ZINEBI Bilboko Nazioarteko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Jaialdiaren eta Aldauri Fundazioaren ekimenez. Ekitaldiak aukera paregabea eskainiko du, zuzendariaren beraren laguntzaz, TVErentzat filmatu eta Itsasadarraren bi aldeetako duela ia 50 urteko bizimodua islatzen duen film bitxi hau berrikusteko.
Dokumentalak, Bilbotik Abraraino, Itsasadarraren bi aldeetan bizi ziren garai hartako lagunen ohiko jarduna islatzen du: Bilbo Zaharrean zeuden meategi zaharrak, gaueko distira bizian bizi zen Palanka, Piru Gainzaren garaiko Athletic gogoangarria, Zazpi Kaleetako txikiteoa, Bilboko Burtsako gorabeherak, Sestaoko Labe Garaiak, Barakaldoko giroa... Hamarkada hartako giza-bizimoduaren erretratu bizia, poesia sozialaz kutsatutakoa. Film bitxi honen proiekzioa; zinegileak filmaketaz eta 60. hamarkadako Bilbori buruz gorde dituen oroitzapenen inguruko iruzkinez aberastuko da. Pedro Oleak ekitaldian parte hartuko du filmaketari buruzko eta garai hartako Bilbori buruzko oroitzapenak partekatzeko.
Ekimen hau ZINEBIrekin batera sustatu du Aldauri Fundazioak; Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako gizarte-ehunarekin lotutako elkarte eta pertsona desberdinen esperientziatik eta lanetik sortutako erakundea dena. Azken urteotan bultzatutako gizarteratze eta lan-munduratze arloko eta toki-garapeneko hainbat proiektu biltzen ditu, eta ekonomia sozialaren printzipioetatik, elkartasunetik eta herritarren partaidetzatik, ingurunearen erreabilitazio integrala eta garapen komunitarioaren mesedeko lan arloko ekimenak eta partaidetza-esparruak sustatu nahi ditu.