Bidebarrieta Kulturguneak globalizazioaren arriskuei buruzko hitzaldi-zikloa antolatu du maiatzerako. Angel Gabilondo Filosofiako katedradun eta Hezkuntzako Ministro ohiaren txanda izango da gaur, “Ezagutza eta zuzentasuna. Beste globalizazioa” izenburuko hitzaldiarekin. Gabilondo (Donostia, 1949) Metafisikako katedraduna da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Han-hemenka argitaratu dituen liburuen artean, honako hauek nabarmen daitezke: “Dilthey: Vida, expresión e historia”, “El discurso en acción (Foucault y una ontología del presente)”, “Trazos del eros. Del leer, hablar, y escribir”, “Menos que palabras” eta “La vuelta del otro. Diferencia, identidad y alteridad”.
“Globalizazioa: erronkak eta arriskuak” izenburu orokorra duen hitzaldi-zikloa Patxi Lanceros filosofo bilbotarrak aurkezten du eta hitzorduak maiatzeko astelehenetan, 19:30etan, udal liburutegiko Ekitaldi Aretoan dira; nornahi sartu ahal izango da aforoa bete arte.
Itxuraz geraezina, ustez gobernaezina, denoi eragiten digu globalizazioak. Informazioen joan-etorri ugaria eta azkarra, tximistaren haizean dabiltzan kapital finantzarioak, eta horri guztiorri ondorio bezala itsasten zaizkion gainerako ezinegonek (merkantzien batera-besterakoa, migrazioen gorakada…) badirudi gaur egungo gai eta arazo handi askoren gunea edo zergatia identifikatzen dutela. Errotutako definizioak edo ziurtzat jotako identitateak ahuldu egiten dira globalizazio geldiezin eta kezkagarriaren aurrean; ekintza antzuen eta erantzun akaso neurrigabeen bidez zuzendu nahi da.
Jardunaldi hauetan, zenbait ikuspegiz baliatuta, prozesu zabal, beharbada eskerga, honen zenbait alderdi argitu nahi dira.
Herritartasuna, feminismoa eta globalizazioa
Maiatzaren 19an, Santiago de Compostelako Unibertsitatean irakasle dabilen Maria Xose Agrak “Herritartasuna, feminismoa eta globalizazioa” izenburuko hitzaldia eskainiko du. Filosfian doktoratu zen eta Filosofia moral eta politikoko irakaslea da Santiago de Compostelako Unibertsitatean. Ikertzaile gisa, filosofia politikoa, justiziaren teoriak eta teoria kritiko feministra izan dira bere lanaren ardatz. “J. Rawls: el sentido de justicia en una sociedad democrática” izenburuko liburuaren egilea da, eta han-hemenka kaleratu dituen artikulu ugarien artean, "Legitimidad y necesidad del disenso feminista", “Convicciones políticas y responsabihdades eticas”, "Reflexiones sobre la fraternidad", “Feminismo y ética”, eta “Ecología y feminismo” izenburukoak aipa daitezke, besteak beste.
Berriro globalizazioa. Utopia digitaletik harantzago
Zikloa amaitzeko, maiatzaren 26an, Cesar Rendueles-ek “Berriro globalizazioa. Utopia digitaletik harantzago” delako gaiari helduko dio. Rendueles Gironan jaio zen 1975ean, Filosofian doktoratu zen, eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Zientzia Politikoen eta Soziologiaren Fakultateko Teoria Soziologikoko Saileko irakaslea da gaur egun. Madrilgo Carlos III Unibertsitateko irakaslea eta Espainia eta Latinoamerikako zenbait unibertsitatetako hizlari gonbidatua ere izan da. Ladinamo kultur arloko esku-hartzerako koletiboaren bazkide sortzailea izan zen, eta zortzi urtez Madrilgo Arte Ederren Zirkuluko kultur koordinazioaz eta proiektuen zuzendaritzaz arduratu zen. Epistemologia, filosofia politikoa eta kritika kulturalarekin zerikusia duten gai desberdinei buruz idatzi du hainbat aldizkari espezializatutan. Karl Marx-en lanen bi bilduma plazaratzeaz gain, Walter Benjamin, Karl Polanyi eta Jeremy Bentham gisako egileen saio klasikoak argitaratzeaz arduratu da. Itzultzaile-lan zabala egin du, eta Espejismos Digitales izenburuko bere blogean idatzi ohi du.