Zazpi Kaleetako balkoien dekorazio lehiaketari hasiera emango zaio astelehenean

uriola.eus 2014ko mai. 13a, 10:40
http://www.theculturalvoyager.com
Maiatzaren 19tik ekainaren 15era balkoi eta behatokien dekorazio lehiaketa martxan egongo da Zazpi Kaleetan. Nahi adina balkoi inskriba daitezke eta nahi bezala apaindu, loreekin, oihalekin edota zuhaixkekin, besteak beste.

Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkarteak, Euskaltel enpresa telefonikoaren babesarekin, balkoien dekorazio lehiaketa antolatu du Zazpi Kaleetan, "auzora gerturatzen direnei, gehien guztatzen zaien gauzetako bat balkoi zein behatokiak baitira".

Lehiaketan izena ematea doan da. Nahi adina balkoik eman dezakete izena eta apaintzeko era ere irekia izango da. Lore-saltzaile, dekoratzaile, merkatari zein auzotarrek osatutako epaimahai batek erabakiko du irabazlea eta horretaz gain, herri-bozkaren bidez aukeratutako balkoiak ere saria izango du.

Maiatzaren 16a baino lehen izena, helbidea eta lehiaketan parte hartuko duen balkoia zein izango den jakinarazi behar da 944151633 telefonora deituta edota asociacion@cascoviejobilbao.com helbide elektronikora mezu bat bidalita. Ondoren, maiatzaren 19tik ekainaren 15era, balkoiek apaindurik egon beharko dute, epaimahaiak lana baloratu dezan.

Parte hartze hutsagatik, 100 euroko 5 txarteletako bat lortzeko zozketan sartu zaiztezke eta balkoi onenak sari berezia izango du:

    1.go saria: 1.000€-ko erosketa txartela.
    2. saria: 500€-ko erosketa txartela.
    3. saria: 300€-ko erosketa txartela.
    Herri bozketa saria: 300€-ko erosketa txartela.
    Laranja koloretan apaindutako balkoi onenari saria: 16 Gb-eko Ipad Mini bat Wifi konexioarekin.