Etengabeko dantza izango dugu ikuskizunak irauten dituen 50 minutuetan, ikus-entzuleak bilduz, Gabo Punzok diseinatutako argi jokoen laguntzarekin. Egilearen konpainia bera, Natxo Montero_danza, arduratu da ikuskizunaren jantziez eta eszenografiaz. Ikuskizunaren bitartez, Natxo Monterok eta Laia Cabrerak sorkuntza prozesuari berari buruzko gogoeta egiten dute. Dantzaz eta mugimenduz osatutako ibilbidean antzezlanari berari eta sortzaileek horren aurrean hartzen duten jarrerari buruzko zenbait galdera sortzen da.
Dantzariak Natxo Montero eta Laia Cabrera izango dira, eta zuzendaria Montero bera da, Pako Revueltasen laguntzarekin. Musikari dagokionez, ikuskizunak Bachen eta Vivaldiren lanetatik ateratako zenbait zati erabiltzen ditu. Emanaldia Arriagako Gelatxoen egitarauaren barruan sartzen da eta saio bakarra eskainiko du gaur, maiatzak 15, 20:00etan.
'Barbecho'-ren estreinaldia La Fundición aretoan izango da ekainaren 14an eta 15ean ere emanaldia eskainiko dute.
Natxo Montero Matia (Bilbo, 1972)
Oso gaztetan hasi zen euskal dantza tradizionalaren munduan, eta ondoren dantza garaikide eta antzezpen prestakuntza jaso zuen Bruselan, Lisboan, Bartzelonan eta Frantzian. Interprete gisa hainbat konpainiatan egin du lan: Organik, Steak Tartar, Pisando Ovos, Sofie Saller, Félix Ruckert Company, Cia Francoise Murcia, Cie Rialto Fabrik Nomade, Centro Coreográfico Galego, Colectivo RUeMANIAK eta Cia Licenciada Sotelo. 2008an bere konpainia sortu zuen, Natxo Montero_danza, eta CUADRA-T eta Carni di prima qualità ikuskizunak prestatu zituen. Biek ere ibilbide luzea izan dute nazioarte mailan eta hainbat sari lortu dituzte.
Laia Cabrera Vicens (Bartzelona, 1981)
Biologo eta antzezlea. Ingurumen epidemiologian espezializatu zen eta doktoretza aurreko ikasketak egin zituen Institut Català d’Oncología izenekoan. Antzerki munduko arte prestakuntza 2000. urtean hasi zuen, Bartzelonako Arte Dramatiko Institutuan. Zentzumen Hizkuntzari eta Jolasaren Poetikari buruzko Gradu-osteko bat egin zuen, objektuen dantzaren eta antzerkiaren alorrean prestatu zen, txotxongiloak erabiltzeko eta eraikitzeko teknikak ikasi zituen, Prague Theatre Academy izenekoarekin lan eginez, etab. Antzezle eta performer gisa egin du lan hainbat konpainiatan, eta ikerketaren munduaren aurreko interesa erakutsi du. Zentzumenen Antzerkian aritzen da antzezle eta ikerlari gisa, eta Zentzumen Hizkuntzari eta Jolasaren Poetikari buruzko ikerketak egiten ditu. Une honetan Natxo Montero_danza konpainiarekin egiten du lan.