Bernardo Atxagaren hitzaldia, ‘Harri eta herri’-ren irakurketa bezperan

uriola.eus 2014ko mai. 21a, 09:35

Bihar, maiatzak 22 osteguna, 08:00etatik 20:00etara, Gabriel Arestiren ‘Harri eta herri’ liburuaren irakurketa jarraitua egingo dute Arriaga Antzokian Klasikoen VII. Irakurketaren baitan. Gaur, berriz, Arriagako plazako karpan hainbat ekitaldi izango dira, besteak beste, Bernardo Atxagaren hitzaldia.

Aurten `Harri eta Herri´ obraren 50. urteurrena dela eta, Arriagako plazako karpan, egitarau trinko bezain oparoa antolatu dute; besteak beste, erakusketa bat, idazleen hitzaldiak, antzezlanak, euskara eta dantza ikastaroak, harremanetarako espazio fisiko eta birtuala, euskara maratoia eta ipuin kontaketak aurkituko ditugu erabiltzaileen gozamenerako.

Atzo arratsaldean, esaterako, Sabin Anuzita Bilboko Udaleko Euskara zinegotziak Arriaga saria eman zion Gabriel Aresti idazlearen alaba Andere Arestiri, "Bilboko Udalaren errekonozimendu" adierazpen gisa, eta ondoren, Gabrielen lekua sentikaria antzezpena ikusteko aukera izan zen.

Gaur, berriz, txalapartariak egongo dira Berbatoia girotzen goiz zein arratsaldez, 13:00etan dantza ikastaroa, 16:30ean umeentzat tailerrak eta 19:00etan Bernardo Atxagaren hitzaldia.

12 orduz `Harri eta Herri´

Bihar, maiatzak 22, irakurraldia goizeko 8:00etan hasi eta arratsaldeko 20:00etan bukatuko da. Mikel Martinezek, irakurriko ditu liburuaren eskaintza eta horrela emango dio hasiera irakurraldiari. Ekimena, Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatu du eta Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak eta Laboral Kutxak babesten dute. Irakurketa, Euskara Ikasleen Jaiaren osagaietako bat da.

Ekimenak helburua bikoitza du: batetik, euskaltegiko ikasleek urtean zehar egindako ahalegina aintzat hartu eta omentzea; eta bestetik, irakurtzeko zaletasuna sustatzea. Horiek horrela, aurten zazpigarren aldiz eramango dute aurrera ekimena. Gabriel Arestiren `Harri eta Herri´ izango da osorik eta ozenki irakurriko duten euskarazko klasikoa.

400 parte-hartzaile baino gehiago

‘Harri eta herri’-ren irakurraldiak 400 partehartzaile baino gehiago izango ditu kultura, politika eta ekonomia esparru ezberdinetatik. Era berean, aurreko urteetan bezala mundu osoko 15 Euskal Etxek ere parte hartuko dute irakurraldi honetan. Haien irakurraldiak bideoan grabatu dituzte aurretiaz eta antzoki barruan nahiz kanpoan jarritako pantailetan ikusi ahal izango ditugu.

Aurten, bigarrenez, Bilboko Alondegiko sarrerako pantailetan ere zuzenean ikusi ahal izango da irakurraldia egun osoan. Horretaz gain, irakurketa streaming bidez 12 orduan jarraitu ahal izango da EITBren webgunean.