Gala arrakastatsua XIX. Eskola-Antzerki Lehiaketari amaiera emateko

uriola.eus 2014ko mai. 19a, 08:52
Lehiaketara 20 ikastetxek antolatutako 37 antzezlan aurkeztu dira, ehunka ikasleren partaidetzaz. Atzo, igandea sei kategorietan saritutako lanen antzezleak igo ziren Arriagako taula gainera.

Arriaga Antzokiak ateak zabalduko ditu domeka honetan, XIX. Eskola-Antzerki Lehiaketako antzezlan sarituak taularatu eta golardoak banatzeko gala eskaintzeko asmoz. Udal antzokiko eszenatokia aurre-eskolako, lehen hezkuntzako eta bigarren hezkuntzako 3 eta 17 urte tarteko antzezle gazteen topaleku bihurtu ohi da urtean behin.
 
Lehiaketa hau, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren eta Bilbao Eszena Antzerki-Baliabideen Zentroaren ekimena da, Uriko haur eta gazteen artean arte eszenikoak sustatzea helburu duena, gazteenen artean arte eszenikoekiko gustua suspertuz eta familiak kulturaren kontsumo ohituretan inplikatuz. Aldi berean, ikastetxeetan arte eszenikoak tresna didaktikotzat erabiltzea ere lortu nahi da, ikastetxe eta institutuetako eskola-jardueretan nahiz eskolaz kanpoko jardueretan antzerkiaren modalitate desberdinak sustatuz.
 
Eskola-Antzerki Lehiaketak ikasleak protagonista dituzten antzezpenak aurkezteko aukera eskaintzen die ikastetxeei, moldaketak nahiz antzezlan propioak. Antzezpenen eta artistekiko topaketen bitartez publiko berria prestatzea xede duen “Bilbon Eskolatik Antzerkira” delako programaren osagarria da, ikasleak ikusle hutsak izatetik benetako protagonistak izatera igarotzen baitira.
 
Edizio honetan Bilboko 20 ikastetxetako ikasle eta irakasleek egindako 37 antzezlan aurkeztu dira lehiaketara. Honela, ikasturte osoan, 3 eta 17 urte tarteko ehunka neska-mutilek parte hartu dute ekimen honetan, Kultura Sailak emandako 7.800 euroko diru-zuzkidurari esker. Saritutako antzezlan bakoitzak 300 euroko saria jaso du eskudirutan, baita 300 euroko dirulaguntza ere lehiaketarako muntaia gauzatzeko.
 
Lehiaketan ohikoa denez, estiloa noberaren aukerakoa izan da (antzerki klasikoa, mimoa, txotxongiloak, dantza, inprobisazioa eta abar tarteko direla) bost kategorietako bakoitzean: Lehen Hezkuntza A (6-8 urte) euskaraz nahiz erdaraz, Lehen Hezkuntza B (9-11 urte) euskaraz, Lehen Hezkuntza B erdaraz, Bigarren Hezkuntza (12-17 urte) euskaraz, eta Bigarren Hezkuntza erdaraz. Eskola-aurreko ikasleek (3-5 urte) norgehiagokaz kanpoko modalitatean parte hartuko dute, eta Arriaga Antzokiko galan erakustaldi hutsa egingo dute.
 
Atzo, maiatzak 18, Gala 17:30ean hasi zen, modalitate guztietan aukeratutako lan irabazleen antzezpenekin. Guztira, sei antzezlan izan ziren ikusgai, eta bertaratuek Bilboko ikastetxe eta institutuetako ume zein gazteen talentua egiaztatzeko aukera izan zuten. Ekitaldia amaitzeko, sariak eta diplomak banatu ziren.
 
Hauexek dira XIX. Eskola-Antzerki Lehiaketako kategoria desberdinetako irabazleak:
 
1. Interpretazio Globaleko eta Koraleko Lanik Onena: “Romeo y Julieta” (Txurdinaga Behekoa Bigarren Hezkuntzako Institutua).
2. Antzerkia, Dantza, Zirkua edo beste edozein diziplina eszenikotako Modalitateak Berreskuratzeko Lanik Onena: “Otsoa datorrela!” (Arangoiti Lehen Hezkuntzako Ikastetxea).
3. Lanaren Alderdi Teknikoak Konpontzeko Modurik Onena: “Mirtaren bidea” (Epaltzaren Alarguna Herri Ikastetxea).
4. Partaideen Adinaren araberako Moldaketa Lanik Onena: “DAN-DAN! Infernuko atean” (Pagasarribide Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxea).
5. Lan Eszeniko Globalik Onena: “Zentzugabeko argazkilaria”, (Epaltzaren Alarguna Herri Ikastetxea).
6. Proposamen Eszenikorik Originalena: “Uretan batera?” (Isabel Gallego de Gorria Maistra Ikastetxea).