‘Dabilen harriari goroldiorik ez’ liburua aurkeztuko dute gaur La Bolsan

uriola.eus 2014ko mai. 22a, 09:37

Gaur, maiatzak 22, ‘Dabilen harriari goroldiorik ez. Militantziaz eta horizontaltasunaz hausnartzen’ gogoetaren aurkezpen hitzaldia egingo du Joxemi Zumalabe Fundazioak La Bolsan, arratsaldeko 19:00etan.

Aurkeztuko duten proiektuaren helburu orokorra herrigintzan diharduten talde zein norbanakoen parte hartze ereduari buruzko hausnarketa kritikoa bultzatzea izan da. Herri mugimendua osatzen duten kolektibo eta mugimenduen jarduerak begirada kritikoz aztertzea, alegia; aritze horretan modu eta funtzionamendu horizontal, parekide, anitz zein askatzaileagoak bultzatzeko asmoz. Orokorrean, lan horrek aktibismo edo militantzia politikoari buruzko eta kolektiboen barne horizontaltasunari buruzko gogoeta jasotzen du.

Bide horretan, Joxemi Zumalabe Fundazioaren barruan 2012. urtean lan talde espezifikoa sortu zuten militantzia ereduen lanketarako. Horretan ari zirela, Fundazioan, barne horizontaltasuna lantzeko tresna ezberdinen lanketa egiteko beharra zein gonbitea agertu zen, eta horri erantzunez beste lan talde bati sorrera eman zitzaion.

Bi taldeek hurbilekoak diren gaiak landuz egin dute ibilbidea. Bakoitzak berea, propioa. 2013. urtean baina, gogoetok eta lanak elkar ukitzeaz harago, gurutzatu ere egiten zirela ohartuta, bi taldeen uzta politikoa batean bildu eta aurkeztuko duten gogoeta hau elkarrekin eraikitzea erabaki zuten.

Gaurko egunean, amaierako lana ezagutzeko aukera egongo da 19:00etan, La Bolsan. Fundaziotik parte hartzera gonbidatu dituzte hiritarrak.