Liburu Anarkisten Azokaren X. edizioa maiatzaren 22tik 25era ospatuko da

uriola.eus 2014ko mai. 20a, 13:41

Gaur aurkeztu du CNT sindikatuak Liburu Anarkisten Azokaren X.edizioa. Egitasmoa "Euskal Herrian pentsamolde libertarioa zabaltzera zuzenduta dagoela" diote antolatzaileek eta aurtengo edizioan, hainbat hitzaldi eta aurkezpen egongo direla aurreratu dute.

Azokak maiatzaren 22an irekiko ditu ateak eta hilaren 25era bitartean, liburuak erosteko, hitzaldietaz gozatzeko edota aurkezpenetan parte hartzeko aukera egongo da Unamunoko plazan zein La Bolsa Kultur Etxean. Gaur goizean egindako agerraldian, erakunde anarkosindikalistaren bozeraileek, Arturo Escobar eta Thais Alonsok, egitasmoaren egitaraua ezagutzera eman dute.

Ostegunean, maiatzak 22, 19:30ean, Carlos Taibo, zientzia politikoetako irakasleak, Repensar la anarquia izeneko bere azken liburua aurkeztuko du La Bolsa eraikinean. Bertan, anarkismoaren proposamen teorikoak landuko ditu.

Larunbatean, hilak 24, 10:00etan, Liburu Anarkisten Azoka irekiko dute Unamunoko plazan. Antolatzaileek esan bezala, aurten Euskal Herriko zein Espainiar estatuko banatzaile eta argitaletxe anarkista garrantzitsuenak batuko dituzte. Irola Irratiak zuzeneko saioa eskainiko du goiz osoan zehar.
Arratsaldeko 18:00etan, Dolors Marinek, arlo antitaurinoan garrantzi handiko historialaria denak, bere azken liburuari buruzko hitzaldia eskainiko du, Anarkismoa izena hartzen duena. Hori gutxi balitz, egunean zehar, idazkera sormenaren inguruko tailerrak egongo dira haur zein helduentzat; eta Rebertso kolektiboak poesia libertarioaren irakurketa gauzatuko du.

Igandean Pepe Ribas, Ajoblanco aldizkari ospetsuaren sortzailea hurbilduko da azokara eta 12:00etan, argitalpenaren nondik norakoak ezagutaraziko ditu. Goiza, testu libertario ezberdinen irakurketarekin eta Humanos intentandolo: Cantautor sin personalidad taldearen ikuskizunarekin biribilduko da.

Bukatzeko, sindikatuko lagunek gehitu nahi izan dute, “hamarkada honetan, Bilboko Liburu Anarkisten Azoka Euskal Herriko ekitaldi anarkisten barnean sendotu egin dela, eta erreferente bihurtu ere".