Ez Aste Nagusirako kafe-teatroa zabaltzekoak diren, ez zein egitarau eskainiko duten, ez zein sukaldari entzutetsu kontratu duten. Last Toureko ordezkariek ez diote adierazpenik egin nahi izan URIOLA-ri. "Errespetuagatik", esan digutenez, "epeak eta bilbotarren eskubideak defendatzearren". Erriberako merkatuaren behealdean kafe-teatroa zabaltzeko proiektua erakusketa publiko fasean dago, Bilboko hiritar eta elkarteek proiektuari helegiteak aurkezteko aukera dute, eta prozesuari zor zaion begiruneagatik ez dituzte bazterrak nahastu nahi. Nahiko nahasmen izan du enpresa sustatzaileak egunkari batek filtrazio bidez eskuratutako berria zabaltzean. Horregatik Last Tourrek nahiago du itxaron, proiektuak gainditu beharreko izapie guztiak bideratu arte. Orduan, hile eta erdi barru, gutxi gorabehera, uztailaren hasieran, "behar den moduan aurkeztuko dugu".
Aisia eta kultura erreferente
Kafetegi, gastrobar, jazz eta blues kontzertuetarako areto, umeentzako ekintza gune... zerbitzu eta egitarau zabala bateratu nahi ditu Last Tour enpresaren proiektuak. Asteko zazpi egunetako eskaintza. Horretarako Erribera merkatuko beheko solairuaz gain, itsasadar aldera eraikinari erantsiko litzaizkiokeen bi terraza baliatuko lituzkete. Baina, arestian aipatu bezala, kafe-teatroaren hasierako proiektua baino ez da ezagutzen eta hortaz behin betiko proiektuaren xehetasunak ezagutzeko itxaron egin beharko dugu.