Ballet National de Marsellek ‘Orphee et Euryce’ opera dantzatua eskainiko du Arriagan

uriola.eus 2014ko mai. 21a, 09:30

Maiatzaren 23an eta 24ean, Ballet National de Marsellek ‘Orphee et Euryce’ operaren bertsio dantzatua eskainiko du Arriaga. Emanaldiak, Oviedo Filarmonika orkestraren eta Fundacion Principe de Asturias abesbatzaren zuzeneko musika izango du, Marzio Conti maisuaren musika zuzendaritzapean.


Arriaga Antzokiak denboraldiko dantza eta balet ekitaldi nagusietako bat jasoko du maiatzaren 23an eta 24an, arratsaldeko 20:00etan. Frederic Flamand koreografo entzutetsua Ballet National de Marseille taldearekin helduko da, kantuaren eta dantzaren arteko etengabeko elkarrizketa duen ikuskizun berezia eskaintzeko: C.W. Glucken Orphee et Eurydice operaren emanaldi dantzatua da, H. Berliozen bertsioan. Sarrerak 13-45 euro bitartean eskuratu daitezke Arriagan edota internet bidez.

Esan daiteke Orphee & Eurydice ikuskizun erraldoia dela, liluragarria ikusteko eta entzuteko. Ikusmenerako gozamena, eszenan dauden 13 dantzarien jarduketa bikainak ematen du, eta baita Hans Op de Beeck artista belgikarraren eszenografia ederrak ere. Nazioartean arte plastikoen alorrean egindako lanengatik batez ere ospe handia duen diziplina anitzeko sortzaile hori ikuskizun honetan jantziez eta irudiez ere arduratuko da. Baina ikuskizuna begietatik modu bikainean sartzen bada, belarrietatik sentituko dute entzuleek lanaren intentsitate emozional guztia, emanaldiak dituen 90 minutuetan.

Emanaldiak Oviedo Filarmonika orkestraren eta Fundacion Principe de Asturiaseko abesbatzaren musika ekarpena du. Bi talde horiek lan bikaina egiten dute, Marzio Conti maisuaren musika zuzendaritzapean. Eta ezinbestekoa da, jakina, Orphee & Eurydice lanaren protagonista diren hiru ahots handien kalitatea azpimarratzea. Blandine Folio Peres mezzosopranoa, Orfeoren papera eginez, eta Ingrid Perruche eta Mailys de Villoutreys sopranoak, Eurydice eta Amor interpretatuz hurrenez hurren, dira ikuskizunaren ahots nagusiak.

Partaide guztien artean, ikuspegi estetikotik oso ederra den emanaldia eskainiko dute, dotoreziaz, harmoniaz eta energiaz betea, eta Arriaga Antzokira doazenek benetan gozatuko dute. Horrez gain, balet konpainia handi batez gozatzeko aukera bikaina da, zuzeneko emanaldia eskainiko duten orkestrarekin eta abesbatzarekin.

Orphee et Eurydice

Orfeo negarrez ari da hildako Eurydicerengatik, eta Jupiter berak bidalitako Amorrek, Hadesera, inframundura, joateko proposamena egingo dio, Eurydice erreskatatzera. Orfeok Furiak lasaituko ditu bere kantuarekin, baina zin egin beharko du, ez dela bere maitea begiratzen edo hari ezer azaltzen saiatuko eguzkiaren argitara eraman arte. Baina neurrigabeko grinak eramanda, Orfeo ez da infernuetara jaisten den poeta izatearekin konformatuko. Jainkoen borondatea hautsi eta Eurydiceri begiratuko dio.