Txandaka eta etenik gabe ‘Harri eta herri’

uriola.eus 2014ko mai. 22a, 09:43
Gabriel Arestiren `Harri eta Herri´ liburua ozenki irakurtzeari ekin dio 8:00etan Arriaga antzokiko Foyerrean Mikel Martinez aktoreak. Txandaka irakurriko dute 400 partaidek, osorik, 12 orduz, 20:00ak arte, liburuaren argitalpenaren 50. urtemugan, Klasikoen VII. Irakurketaren baitan.

12 orduz `Harri eta Herri´

Mikel Martinezek irakurri ditu liburuaren eskaintzak eta horrela eman dio hasiera irakurraldiari. Xabier Monasterio, Gabriel Aresti kultur elkarteko bozeramaleak hartu dio txanda eta ondoren asko eta asko izan dira liburuaren lerro batzuk irakurri dituztenak goizean goizetik. Besteak beste, Euskaltzaindiako kide Andres Urrutia, Erramus Osa eta Adolfo Arejita, Jose Maria Guibert Deustuko unibertsitateko errektorea eta Tito Serrano AEK-ko Bilboko koordinatzailea.

 

Bitxikeriak ere izan dira lehen orduan, Arriagara bertatu direnek ez ezik antzokitik kanpora dauden bi pertsonen parte-hartzearekin. Tokioko WASEDA unibertsitateko eta Erronako Associazione Culturale Euskarako kideek apaldi bana irakurri dute eta pantaila eta bafleen bitartez jarraitu ahal izan da euren ekarpean.

Ekimena, Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatu du eta Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak eta Laboral Kutxak babesten dute. Irakurketa, Euskara Ikasleen Jaiaren osagaietako bat da.

Ekimenak helburua bikoitza du: batetik, euskaltegiko ikasleek urtean zehar egindako ahalegina aintzat hartu eta omentzea; eta bestetik, irakurtzeko zaletasuna sustatzea. Horiek horrela, aurten zazpigarren aldiz eramango dute aurrera ekimena. Gabriel Arestiren `Harri eta Herri´ izango da osorik eta ozenki irakurriko duten euskarazko klasikoa.

400 parte-hartzaile baino gehiago

‘Harri eta herri’-ren irakurraldiak 400 partehartzaile baino gehiago izango ditu kultura, politika eta ekonomia esparru ezberdinetatik. Era berean, aurreko urteetan bezala mundu osoko 15 Euskal Etxek ere parte hartuko dute irakurraldi honetan. Haien irakurraldiak bideoan grabatu dituzte aurretiaz eta antzoki barruan nahiz kanpoan jarritako pantailetan ikusi ahal izango ditugu.

Aurten, bigarrenez, Bilboko Alondegiko sarrerako pantailetan ere zuzenean ikusi ahal izango da irakurraldia egun osoan. Horretaz gain, irakurketa streaming bidez 12 orduan jarraitu ahal izango da EITBren webgunean.