Bidebarrietak omenaldia egingo dio Gabriel Garcia Marquezi

uriola.eus 2014ko mai. 26a, 22:00

Cesar Coca kultur kazetariak eta Jon Bilbao idazleak Nobel saridun kolonbiarraren bizitzari errepasoa egingo diote, honen musikazaletasunari buruzko hainbat bitxikeriren eta zenbait pasarteren irakurketaren bitartez.

Bidebarrieta Kulturguneko kultur programazioak omenaldia egingo dio gaur, maiatzak 27, Gabriel Garcia Marquez Nobel saridunari, ikuspegi bitxi-bitxi batez: halakoxe ibilbide bat eginez idazleak testuetan aipatzen zuen bere musikarik gustukoenean barna. Cesar Coca kultur kazetariak Rafael Escalonaren vallenatoak eta Mendelssohnen erromantizismoa tarteko dituen musika-aukeraketa anitza eta zabala egin du, Jon Bilbao idazleak kontatuko dituen pasadizoen eta irakurriko dituen pasarteen akonpainamendu gisa. Ekitaldia 19:30ean hasiko da, baina lehenengo doinuak hogei minutu lehenago entzun ahal izango dira, ekitaldi-aretoko ateak zabaldu bezain laster. Nornahi sartu ahal izango da aforoa bete arte.

Garcia Marquezek zioenez “musikaz hitz egitea da, musika bera baino hobea den gauza bakarra”. Bere bizitzan, idazle kolonbiarrak era askotako musika-estiloen zale amorratua zela frogatu zuen, eta gainera, bizi izan zen leku desberdinetako musiketan murgildu eta musikagileen adiskide egin zen. ‘Entzuteko bizi. Gabriel Garcia Marquezen oroimen musikala’ deritzon hitzaldian, Cesar Cocak ‘Ehun urte bakardadean’ nobelaren idazlearen biografia errepasatuko du, haurtzaroan Toña la Negraren ahotik entzundako ‘Lagrimas de sangre’ bezalako boleroetatik edo gaztetan dantzatzen zituen Perez Pradoren manboetatik abiatuta; idazlea Londresen korrespontsal ibili zen garaiko The Beatles taldearen hasierako gazte-zoriontasun kutsakorra ere aipatuko du, baita Georges Brassensek gauza txikien garrantziaren omenez egindako ‘Le testament’ kantua ere. Publikoak, halaber, idazleak irla desertu batera eramango zukeen Johann Sebastian Bachen biolontxelorako 1. suiteaz edota 1982ko Nobel Sarien banaketa-ekitaldian entzun zen Bela Bartoken orkestrarako kontzertuaz gozatzeko aukera izango du.

Garcia Marquezeen musikazaletasuna bere idazletan islatuta ere geratu zen. Horrela, ‘Nire emagaldu tristeen memoriak’ liburuko protagonista berehala hilgo dela konturatzen da, Cesar Francken biolin eta pianorako sonata entzuten duenean (horren pasarte bat irakurriko du Jon Bilbaok), eta Claude Debussyren ‘Ilargi zuria’ deritzonaren balizko bertsio bat, bolero-klabean egindakoa, idazleak amaitu gabe utzi zuen ‘Abuztuan elkar ikusiko dugu’ narrazioaren protagonistetako bat da ia-ia.

Programaren barruan, idazleari Alvaro Mutisen adiskide izateko aukera eskaini zion Mendelssohnen biolinerako kontzertua, edota idazlearen lagun mina izan zen Rafael Escalona konpositorearen ‘El hambre del liceo’ vallenatoa ere entzun ahal izango dira. Escalonak Magdalena ibai bazterreno herrien folklorea ezagutarazi zion Garcia Marquezi, eta honek ‘Maitasuna koleraren garaian’ nobelan azaldu zuen behin eta berriz. Honen pasarte bat irakurriko du Jon Bilbaok, baita idazle kolonbiarrak musikarekiko zaletasuna aitortu zuen elkarrizketa batzuetako zatiak ere.