Eñaut Elorrietak ‘Deserriko kantak’ eramango ditu Arriagara

uriola.eus 2014ko mai. 29a, 09:00

Gaur, 20:00etan, Eñaut Elorrietak ‘Deserriko kantak’ diskoaren zuzeneko kontzertua eskainiko du Arriaga Antzokian. Uriolak bi sarrera zozketatuko ditu.

Eñaut Elorrieta bere proposamen pertsonalenarekin heldu da Arriaga Antzokira, orain arte argitaratu duen bakarkako lan bakarraren, Deserriko kantak lanaren, aurkezpen biraren barruan. Lan hori duela urtebete argitaratu zuen, 2013ko maiatzean.  

Elorrietak gaur, maiatzak 29, 20:00etan abestuko du (gitarra ere joko du) Arriaga Antzokian. Zuzeneko emanaldiak diskoa bezain bereziak eta zainduak dira, soilean basatiak. Bere musikaren bitartez, Eñaut Elorrietak bidaiatzeko, euren barne kartografiaren bideak egiteko, gonbidapena egingo die ikus-entzuleei. Halaber, ‘aberria’ eta ‘deserria’ bezalako kontzeptuak agertuko dira ikus-entzuleari iradokitako emozioen geografian. Uriolak kontzerturako bi sarrera zozketatuko ditu asteko zozketan.

Ikuskizunaren izaera intimista artistaren musika proposamenarekin berarekin kontrajartzen da, indarrez eta emozioz betea, eta ikus-entzuleek energia hori zuzenean sentituko dute. Horretarako, Eñaut Elorrieta banda formatuan etorriko da Arriagara, hau da, kontzertuari aipatutako indarra emango dioten musikariz lagunduta. Ruben Caballero gitarrez eta mandolinaz arduratuko da, Txus Aramburuk dotoretasuna eskainiko du teklatuetatik eta atmosfera bat baino gehiago sortuko ditu programazioen bitartez eta, azkenik, Igor Telletxeak erritmoa markatuko du bateria ostetik.

Deserriak

Eñaut Elorrieta kantariaren bakarkako lehen lanak Deserriko kantak izenburuarekin ikusi zuen argia 2013ko maiatzaren hasieran.

Deserria ez lekua da. Han izanik hemen, edo hemen izanik han izatea. Deserria bada bakardadea eta biluztasuna, bada sentimendu babes gabeen kontakizuna. Baina norbere burua berrasmatzeko aukera ere bada, geografia berrietan saiatzekoa. Badira desterratuak Arestiren Aitaren etxean, Sarrionandiaren memoriaren mapetan eta handik kanpo. Norberaren gorputzetik exiliatuak ere badira. Etxerako bidea ahaztu dutenak, itzuliarren bueltatu ezdirenak, bidea aberri bihurtu dutenak.

Deserriari ertz guztietatik begiratzen dio Eñaut Elorrietak. Horretarako, bereaz gain hainbat idazle eta poetaren lumaz baliatu da. Haietariko batzuek euren azalean bizi izan dute deserri politikoa (Joseba Sarrionandiak edo Joan Oliverrek, kasu); beste batzuek deserri poetikoari idatzi diote (Mario Benedetti, Harkaitz Cano, Bernardo Atxaga). Gai soziala bezain intimoa den deserria berea egin du Eñaut Elorrietak, hitzekin eta musikarekin lur zati bizigarri bat zedarritu nahian.

Sarrerak

-    12 €-tik 15 €-ra
-    Salgai www.teatroarriaga.com web gunearen eta 946 850 850 telefono zenbakiaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiko salmenta ordutegian.