Gaurkoan, euskal preso politikoen eskubideen defentsan hainbat protesta egingo dituzte Bilbon. 19:30ean, Azken Ostiraleko elkarretaratzea egongo da eta gaurkoan, Txente Askasibar eta Inma Berriozabal preso gaixoen askatasuna exijituko dute. Ondoren, 20:00etan, Arantza Zuluetak bizi duen egoera salatzeko manifestazioa abiatuko da Arriagatik bertatik. Zuluetak lau hilabete daramatza isolamenduan.
Askazibar eta Berriozabal
Bilboko bi preso politikoak 18/98 sumarioaren baitan epaitu eta zigortu zituzten. Sei urte pasatxo daramate espetxean eta zigorrarren hirulaurdenak beteta, aske egon beharko lukete.
Tokian tokiko kartzelako Tratamentu Batzordeari helarazi diote Askazibar eta Berriozabalek hurbilketa eskaera. Aztertu eta baloratu ostean, Kartzela Erakundeek, sei hilabeteko epemuga, izango dute eskaera onartu edo ukatzeko. Kepa Manzizidorrek uriola.infori maiatzaren 12an esandakoaren arabera, tramitazioa “lege barruan egin denez, legeak ezartzen dituen baldintzekin, erabakia baiezkoa izan behar da”.
San Inazioko Txente Askazibarrek 72 urte dauzka. Egun, Topaseko (Salamanca) espetxean dago preso. “Adinagatik” eta adinari loturiko “hainbat osasun arazogatik” eskatu du jada bere hurbilketa Euskal Herriko espetxeetara Manzizidorren esanetan. Inma Berriozabal santutxuarrak, berriz, “hainbat gaixotasun ditu” eta bere osasun egoera kartzelan kudeatzea “zaila” da. A Lamako kartzelan preso dago, Pontevedran. “Jarraipen berezia” behar du Inmak eta kartzelan jarraipen hori “ez zaio ematen”. 2011n, esaterako, jaso behar zituen botikak jaso ez zituelako, bere egoera “asko okertu zen”.
Zulueta
Arantza Zuluetak lau hilabete baino gehiago daramatza muturreko egoeran; isolamenduan. 2014ko urtarrilaren 8an atxilotu zutenetik, bakarrik aurkitzen da eta ez dauka inolako harremani gainontzeko presoekin. Egoera berdina jasan zuen hasiera batean Extremeran, eta orain, Puerto IIIn.