Unamunoren Bilbo erakutsiko du Hortzmugak bisita gidatuen bidez

uriola.eus 2014ko eka. 2a, 09:15

Idazlearen jaiotzaren 150. urteurrena gogoratzea du helburu ekimen honek, Unamunoren figura eta XIX. mende amaierako Bilbo. Jarduera eskola-ikasleei zuzenduta dago nagusiki, baina ekainaren 7an eta 8an, helduentzako bisitak ere antolatuko dira.

Miguel de Unamunoren jaiotzaren 150. urteurrena gogoratzeko antolatu den jarduera-eskaintza zabalaren barruan, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Unamunoren ibilbideak egingo ditu ekainean Zazpi Kaleetan zehar, Hortzmuga antzerki taldearen eskutik. Bisita gidatu hauek lehen hezkuntzako ikasleei zuzenduta daude nagusiki, baina helduek ere ekimen honetan parte hartzeko aukera izango dute asteburu batez, ekainak 7 eta 8, Arriaga plaza abiapuntutzat hartuta.

 
Helburua, Miguel de Unamunoren figura hurbildu eta XIX. mendearen amaierako Bilbon kokatzea da. Ibilbidea Arriaga plazatik abiatu eta Unamuno plazan amaituko da, Posta kalea, Done Jakue plazatxoa eta Zamudioko Atea zeharkatu ondoren. Bisitaldian, idazlearen haurtzaroko Bilbo hark zeuzkan itxura, giroa eta ohiturei buruzko zertzeladak emango dira, Bilboren gaur egungo ezaugarriekin alderatuz.
 

Era berean, idazkietan itsatsita geratu diren Don Miguelen bizitzako zenbait pasarte eta xehetasun ere aipatuko dira, hala nola, Deustu aldean egindako udako oporraldiak, itsasadarrarren bazterretako jarduerak eta giroak, pentsalariaren ibilbiderik gustukoenak, Bilboko mintzaira tipikoa, Erronda eta Gurutze kaleetan izandako bizilekuak, ezagutu zituen pertsonaia ospetsuak eta, nola ez, bigarren kalistadako eta Bilboren setioko oroitzapenak.
 
Ikasleen bisitaldietan, arreta berezia egingo zaie Unamuno ikasle ibili zen eskolari eta ikastetxeari, eta egungo ikastetxeen aldean zituzten desberdintasunei, ikas-egutegitik ikasgaietaraino, irakasleak eta hauekiko protokoloak barne. Unamunoren garaiko pasadizoak, jolasak eta haur-kanturik ezagunak ere errepasatuko dira, baita ikasleen artean zeuden erritualak, kaleko borrokak edota Unamunok institutu garaiko ikaskideekin zituen eztabaida filosofikoak ere.
 
Eskola-ikasleen bisitak —aldez aurretik adostutakoak— ekainaren 2tik 6ra bitartean egingo dira, 9:30etik 10:30era eta 10:45etik 11:45era. Helduek bisitak asteburuan ahal izango dituzte, ekainak 7 eta 8, eguerdiko 12etan. Kasu guzti-guztietan, abialekua Arriaga Plaza izango da.