III. Errepublikaren aldeko elkarretaratzeak deitu dituzte

uriola.eus 2014ko eka. 2a, 15:15
Goizeko 10:30ean jakinarazi du Mariano Rajoyk Juan Carlos I.ak abdikatu egingo duela tronua bere semeari uzteko asmoz. Berri horren aurrean, hainbat eragilek elkarretaratzeak deitu dituzte Euskal Herriko hiri eta herri ezberdinetan. Bilbon bi hitzordu daude elkarretaratzeak egiteko; 19:30ean eta 20:00etan Arriagako plazan.

Ezohiko prentsaurrekoan adierazi du Rajoyk Espainiako erregeak tronua utzi behar duela. Juan Carlosek 76 urte ditu eta Francisco Franco diktadoreak bere oinordeko izendatu ondoren, 1975eko azaroaren 22an hartu zuen errege kargua. 39 urte geroago bere semeak hartuko dio lekukoa.

Abdikatu egingo duenez, lege organiko bat onartu beharko dute eta Rajoyk astearterako deitu du ministro kontseilua. Beraz, gobernuak bihar onartuko du legea Gorteei helarazteko.

Espainiako presidentearen adierazpenak eta gero, 13:00etan, aurretiaz grabatutako bideo baten bidez, Juan Carlosek berak plazaratu du, urtarriletik zuela abdikatzeko erabakia hartuta. Bere hitzetan, "onena nahi du Espainiarentzat" eta momentu hauetan, "belaunaldi gazteago bat lehen lerrora igarotzeko beharra" dagoela dio.

Berriak iritzi asko eragin ditu gizartean eta goizetik sare sozialetan mugimendu handia sortu da. EH Bilduk esaterako, elkarretaratzeak deitu ditu Euskal Herriko txoko ezberdinetan Euskal Errepublikaren alde kalera ateratzeko. Bilboko elkarretaratzea 19:30ean izango da Arriagako plazan. Horretaz gain, ordu berean mobilizazioak egongo dira Iruñeako Udal plazan, Donostiko Boulevardean eta Gasteizeko Andra Mari Zuriaren plazan.

Deialdi honekin batera, Gazte Komunistek ere bigarren hitzordu bat zehaztu dute. Hauek III. errepublikaren aldeko elkarretaratzea deitu dute, 20:00etan Arriagan.